Xabier Ibarzabal medikua da, medikuntzako historia alorrean doktoratua. Bioetikan aditua ere badugu donostiar hau. 30 urte daramatza Matia Fundazioan lanean, eta honetaz gain, hitzaldi asko ematen ditu. Gaur herrian izango dugu hizlari, 19:30 kultur etxean.
Zertaz arituko zara zure hitzaldian?
Tolerantzia eta intolerantziaren inguruan jardungo naiz, beti ere, baloreen ikuspuntutik. Tolerantzia/intolerantzia gaia aurkeztean, balore batzuen gaineko garrantzia edo galeraren inguruan planteatzen dira.
Gertakari bortitz baten ondorioz intolerantzia gerta daiteke, baina orokorrean, pertsonen arteko ezbai, eztabaidetan, baloreetan dituzten ikuspuntu ezberdinengatik suertatzen dira intolerantzia edo tolerantzia arazoak.
Tolerantzia ikasi egiten al da?
Oso garrantzitsua da ondo barneratzea eta onartzea, gizakiak naturalki intoleranteak garelako. Baina hezkuntza prozesuak aurrera egiten duen heinean toleranteagoak bihurtzen gara.
Tolerantzia/ intolerantzia baloreen eraginez ematen da, eta horregatik, Danok Kidek aurten proposatutako gaian murgiltzeko, baloreetara joko dut.
Zer dira baloreak?
Ezberdin egiten gaituena. Bizitzan errepikaezinak gara, eta balorez beteta dago guztia. Adibide argia dugu emakume edo gizonezko bat beste batez maitemintzen denean eta ingurukoek zer ikusten dion galdetzen diotenean. Berak besteak ikusten ez dioten balore bat ikusi dio.
Baloreak ezin dira zientziaren arabera azaldu, baina errealitatean, egunerokotasunean ohikoak dira. Orain puri-purian dagoen beste adibide bat, emakumeen zapia da. Mendebaldar bati kostatu egingo zaio zergatik daraman ulertzea. Emakume horrek guk ematen ez diogun balio bat ematen dio. Eztabaidak sortu dira, eta bide honetatik intolerantzia edo tolerantzia eman daiteke.
Balioak sailkatu daitezke?
Tradizionalki bi eratan kudeatu dira balioak. Alde batetik, nik dut boterea eta nireak inposatzen ditut, adibidez mediku baten kasuan. Ni honetan aditua naiz, irizpide batzuk ditut eta zuk nik esandakoa jarraitu behar duzu, bestela ez goaz inora. Inposaketa metodo honek gudetara edo hondamenditara eraman gaitu askotan.
Beste metodoa neutraltasuna da. Medikuaren adibidearekin jarraituz, zuk gaixotasun bat daukazu, nik esplikatzen dizkizut egin beharreko probak, zu ados bazaude aurrera jarraituko dugu eta bestela, hemen ez da ezer pasatzen. Zuk papertxo bat sinatu sendabidea deuseztatzen duzula aipatuz, eta nik ahaztu egingo dut. Metodo hau oso arriskutsua da maneiatzeko, neutraltasuna existitzen ez delako. Bizitzan beti alde batera edo bestera jo behar da. Balio edo baloreetan ez da koloreekin edo gustukoekin bezala gertatzen. Bakoitzak ez ditu bere balore propioak.
Tolerantzia ikasi egiten da, baina nola?
Tolerantea izatea asko kostata ikasitako balorea dugu. Mundu liberala boterea hartzen joan zen heinean tolerantziaren ingurukoak ikasten hasi ginen, erlijioen arteko gudak hasi ziren momentuan. Europar komunitatea kristau eta protestante multzoetan banatzen hasi ziren, tolerantzia intolerantziaren lehenengo ninikadurak ematez.
Ondorio ugari atera daitezke bertatik. Niretzako bizirauteko dagoen aukera bakarra ordenaturik, tolerantziarekin bizitzea da. Bestela oso gaizki bukatuko dugu. Eta horrek besteen baloreak konpartitzea esan nahi du. Konturatu behar gara guk ez dugula guztiaren arrazoia, ez dugula egi absolutua.
Tolerantzia indibidualki edo kolektiboki barneratzen da?
Kolektiboki dudarik gabe. Komunitate batean oso garrantzitsuak dira baloreak, euren bereizgarriak dira. Baina gerta daiteke komunitate hori oso zorrotza izatea eta dauden disidenteei askatasun adierazpen minimorik ez ematea.
Komunitate bati bere berezitasunak errespetatu behar zaizkio, baina beti mugak ezarriz, besteen askatasuna baliogabetu gabe, disidenteen egoera arriskuan gera baitaiteke. Egoera hau gudetan ematen da, barrabaskerien inguruan beligerante izan behar gara, injustiziak onartu gabe.
II. Mundu Gudan adibidez Hitlerrek sortutako egoeraren aurrean potentzia asko neutral mantendu ziren, eta hori gaur egun onartezina da. Neutral mantentzea, ez da zuhurra izatea.
“Tolerantzia egokian hezi” nola lortu daiteke hori?
Tolerantzia elkarbanatzeko hezkuntzan haztea da praktikoena ume batentzat. Eztabaidatzea ona da, baina besteen iritziak kontuan hartuz eta ez gure balioak inposatuz; hau zaila da. Umeari gauzak alde onak eta txarrak dituztela erakutsi behar zaizkie, eta hauetan arakatzen. Prozesu honetan umea heziz gero, zapia daraman emakume horren kontran jarri baino lehen, zergatik egiten duen galdetzera eta entzutera joko du.
Hau eman eta gero arazoak ere suerta daitezke. Nik agian ulertu egiten dut zergatik daramazun zapia, baina zuk ulertu behar duzu denda batean bezeroei harrera egiteko agian zapia eramatea ez dela egokiena. Gauza guztietarako mugak egon behar dira. Komunitate horrek jakin behar du bere eskubideak errespetatzen direla, baina elkarbizitzarako muga batzuk daudela. Besteen eskubideak errespetatu behar dira gureak errespetatuak izatea nahi baditugu.
Tolerantzia manipulaturik egon daiteke?
Bai. Guztien manipulazioa jasotzen du. Zerbait berria suertatzen zaigunean itxi egiten gara, eta arazoak sortzen dira. Adibidez, Lasarte-Oria immigrante lurraldea izan zen, eta seguraski hasieran lanera zetozten horiek onartzea zaila egingo zitzaiela hemengoei. Baina integrazio fenomenoa eman, eta orain garai horretan bizitako orrialdeak itxiak egongo dira.
Gai hauen inguruan solastea eta eztabaidatzea oso garrantzitsua da, hemen Danok Kidek antolatzen dituen eskola txiki hauetan bezala, gai hauen aldeko joera hartzen delako.
Zer aurkituko dute kultur etxera hurbiltzen direnak?
Kezkatzen gaituen gai baten inguruko hitzaldi bat. Pena merezi du gai hauen aldeko apustua egiteak. Guztiok bakean bizi nahi dugu eta hori gure gazteei helarazi behar diegu.
Gaur ez da Lasarte-Oria bisitatuko duzun lehen aldia...
Ez, eta espero azkenekoa ez izatea. Gustukoa dut herria. Sentsazio misto bat ematen dit. Beti mugimenduan, aldakor, eztabaidagarri. Beste leku askori hori falta zaie, konplexutasuna, eta hori oso aberasgarria da. Kritika, ezberdintasuna, eztabaida edo aurkakotasuna ez dagoen lekuetan, kaltea dago. Lasarte-Oria herri bizia da.