Altxamendu Faxistaren biktimei eman diete aurten Sorgin Jaiei hasiera emateko aukera. Eurak izango dira aurtengo jaietako pregoilari eta datorren larunbatean, maiatzaren 15ean egingo den Sorgin Jaien aurkezpenaren protagonista.
Jaietako antolatzaileek zenbait ekitaldi burutuko dituzte datorren astean. Asteartean, maiatzaren 11an, memoria historikoari buruzko hitzaldi eta DVD emanaldia burutuko da Xirimiri elkartean 19:30ean.
Ostegunean ordu eta toki berean, hau da, 19:30ean Xirimirin, Sorgin jaien batzar irekia burutuko da. Bertan emango da aurtengo Sorgin Jaiei buruzko informazioa, zalantzak argitu eta eztabaidatuz.
Maiatzaren 15ean Sorgin jaien aurkezpena egingo da Frontoi berrian. Egun guztiko egitaraua izango da. Goizeko 10etan umeentzako pilota jokoekin hasiko dira ekitaldiak, ondoren sagardo dastaketa eta taloak eskainiko dira, 14:30ean bazkaria (20 eurotan sagardotegietako menua). Bazkalostean 16:30ean omenaldia egingo zaie faxismoaren biktimei.
Ondoren trikitilarien saioa izango da, Joseba Tapia eta Fermin Balentziaren emanaldia, 19:30etan erromeriaren lehen zatia Aitzama taldearekin, 23:00 Garraxi Ixilak antzeslana eskainiko du Landaberriko helduen antzerki taldeak, eta ondoren erromeriak jarraituko du.