Lazkano eta Arluziaga txapeldun palan

Txintxarri 2010eko maiatzaren 10a

Oskar Lazkano eta Iñigo Arluziaga erraz nagusitu ziren XVI. Pala txapelketako finalean. 30 eta 11 irabazi zioten Iñigo Huegun eta Patxi Kastrok osatu zuten bikoteari eta zazpigarren urtez segidan izan dira txapeldun. Haritz Urdanpilleta, Huegunen bikoteak ezin izan zuen finala jokatu eta bere ordez Patxi Kastro aritu zen. Aurretik hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partida oso berdindua izan zen eta azkenean Iñaki Lizaso eta Joserra Alzibar 30-29 nagusitu ziren Bernaitz Odriozola eta Santi Martin iazko finalisten aurka.

Erritmo biziko finala ikusi zuten larunbat arratsaldean Michelingo frontoira hurbildu zirenek. Partida luzea izan bazen ere, ordu betekoa, bikote gorria hasieratik aurreratu zen eta Oskar Lazkano-Iñigo Arluziaga bikotea beti izan zen aurretik markagailuan. Azkenean 11 puntutan utzi zuten bikote urdina. Aipagarri da Iñigo Huegunek Patxi Kastrorekin jokatu zuela finala, Haritz Urdanpiletak, ezin izan zuelako parte hartu.
Arratsaldeko 17:30ean hasi zen finala hirugarren postua erabaki zuen partidaren ondoren. Finalistak eta epaileak txistulari eta dantzarien atzetik sartu ziren frontoian. Ondoren minutu bateko isilunea egin zuten Xabier Bardajiren oroimenez.
Hainbat urtetan txapelketako antolatzailea izan da Xabier Bardaji eta aurtengo txapelketa martxan zela hil da. Ondoren dantzariek agurra dantzatu zioten finalistei.

Faboritoak txapeldun

Oskar Lazkano eta Iñigo Arluziaga ziren faboritoak eta ez zuten hutsik egin. Hasieratik hartu zuten abantaila eta zazpigarren txapela eskuratu zuten. Azken zazpi urtetan bikote hau izan da nagusi Lasarte-Oriako pala txapelketan.
3. eta 4. posturako partida 16:30etan hasi zen eta ordu beteko lehia borrokatu eta parekatuaren ondoren amaiera bizia izan zuen. Bernaitz Odriozola eta Santi Martin, bikote gorria ia partida osoa aurretik joan zen eta soilik azken puntuetan hartu zuten aurrea urdinek. Partidari buelta eman zioten Iñaki Lizaso eta Joserra Alzibarrek eta 30-29 irabazi zuten.