Erraz egin zuten txalo bertan bildu ziren ikusleek eta une gogoangarri asko izan ziren. Hauetako batean Xabier Paya eta Andoni Egaña bertsolariek flamenkoa inprobisatu zuten, euskaraz noski, edozein kantaore andaluziarren ahots eta kantakera imitatuz.
Xabier Paya eta Ane Labakak banakoa kantatu zuten, Paya eta Andoni Egañak tangoa,... Xumela abesbatzak errota baten soinua eta mugimendua irudikatu zuen, denetarik izan zen beraz saioan.
Lekuona Hotelean dantzarien topaketa bat zegoela iragarri eta lau bertsolariak harrera gelan kafea eta kopa hartzen ari zirela hasi zen ikuskizuna. Xumela abesbatzakoak iritsi ziren lehenak Hotelera eta euren ahotsek errotaren mugimendu eta soinua irudikatu zuten, kide batek iriña galbaetatik pasatzen zuen bitartean. Andoni Egaña eta Unai Muñoak horri buruzko bertsoak kantatu zituzten.
Ondoren Erketz dantza taldekoek banakoa dantzatu zuten Paya eta Labakak doinu horrekin kantatzen zuten bitartean. "Neskek gutxi dantzatzen dute, mutilek ia batere ez" gaiarekin Ane Labakak ederki hasi zuen saioa, “Messi asko eta Billy Eliot gutxi” zirela esanez.
Erotismoa
Flauta boskotearen ondoren sabel dantzaren txanda iritsi zen, eta Andoni Egañak "sabel dantza ez da bakarrik erotismoa" gaiari kantatu zion, batetik modu ezin hobean sabela emetasun, amatasun eta umetasunarekin lotuz eta gero ikuitu euskalduna emateko mahai bueltako jarduna, sukalde eta komuna aipatuz.
Landaberriko Antzerki eta Dantza eskolako gazteek dantza garaikidea eskaini zuten ondoren, Katamaloren "Berriz min hau". Ane Labakak lan bikoitza izan zuen Eskolako kide denez dantza ere egin zuen eta. Ondoren Xabi Payari bizkaieraz kantatzeko agindu eta ikusleak barrezka, txaloka eta zutik jarri zituen.
Gitanillos del Alba eta Duende Flamenco herriko Semblante Andaluz elkarteko taldeek Irrien Lagunak diskoko "Maite dut Trikitixa" sebillana dantzatu zuten Porrotx, Mari Motots eta Idoia Uralde kantariarekin batera. Gero Unai Muñoa eta Xabi Payak "Triste bizi naiz eta" flamenkora eraman behar izan zuten; "Pantoja eta Txirrita elkartu ditzagun" hasi zen Paya. Xabier bera Camaron de Egañarekin aritu zen gero 14 heriotzarena doinuarekin. Saio benetan desberdin, ikusgarri eta bikainak borobildu zituzten bertsolari izatearekin batera showmanak ere badirela erakutsiz.
Jendeartean kantari
Eta horrela jarraitu zuen ikuskizunak, dantza eta bertsoak tartekatuz. Dantza garaikidea, fandangoa eta arin arina soinujole eta biolinjolearekin, Danza-rin taldekoen tangoa eta "zutaz maite" doinuarekin Paya eta Egaña kantari... bukaera aldera Unai Muñoa, Andoni Egaña eta Xabi Paya ikusleen artera jaitsi ziren segidillak, segi eta segi, kantatzera. Hasteko Muñoaren amari kantatu zioten, ondoren Andoni Egañak ordu horretan amaituak ziren Barsa-Sevilla, eta Real Madrid-Athletic partiduen berri eman zuen eta azkenik gaztetxo eta amonekin ligatze kontutan ibili ziren.
Agurretan bertsolariek saioko parte hartzaile eta ikusleei egin zien erreferentzia, "munduan hau da hotel bakarra 300 izarretakoa" (Egaña), “mugimendua eta kantua Lasarten bizirik dago" (Muñoa) eta "sentimenduak dantzan jartzea, bezelakorik ezta" (Labaka).