Juan Mari Cerezo gogoan

jon-altuna 2010eko maiatzaren 10a

Juan Mari Cerezoren gitarrak leku berezia izan zuen Andatza plazako oholtzan. Duela zazpi urte istripu batean hil zenetik bere anaiak gorde duen gitarra eta bere zorroa, bateriaren ondoan izan ziren kontzertuak iraun zuen zazpi ordutan. Egun guztiko festa egin zen Cerezo musikaria gogoratzeko. 60 lagunek bazkaldu zuten oholtzan bertan eta gauean lagun ugari hurbildu ziren Andatza plazara. Plaza erraldoia jendez bete zela esatea askotxo da, baina bai oholtza eta ondoan jarri zen txosna ingurua.

Lagun arteko festa erraldoia izan zen larunbat gauean Andatza plazan Juan Mari Cerezoren omenez egin zena. 40 de Fiebreko bere taldekideak bertan izan ziren. Hauek oholtza gainera igo zirenean iritsi zen kontzertuaren gailurra. Rafa baxu-joleak eta Bittor abeslariak ikusleen bizkarrean bukatu zuten bata jotzen eta besteak kantuan.
Taldekideek Juan Mari Cerezo ordezkatu zuen Jabi Moraren laguntzarekin taldeak desagertu aurretik zuen indarra eta arintasuna argi erakutsi zuten emanaldiak iraun zuen ordu erdian. Ohi zuten bezala azkar jo zituzten ikusleek ondo ezagutzen zituzten kantuak. Bukaeran Juan Marirekin batera taldea sortu zuen Rafa Lopez-ek oihukatu zuen "aupa Juan Mari Gogoan Zaitugu" hori lagun askoren bihotzera iritsi zen.
Lagun arteko festan, Juan Mari Cerezoren hainbat lagunek parte hartu zuten. Herritarrak ziren musikari gehienak. Gaueko Itzalak taldeko gazteak izan ziren jotzen lehenengoak, ondoren Unai, 40 de Fiebreko taldekidearen Dictadura taldekoek giroa erabat berotu zuten, ondoren jo zuten Keep Digging, Obito, Zona mortuoria, Blondi22 eta Lili&The Tomboys taldeek, 40 de Fiebreren aurretik eta Despervicio taldeak eman zion amaiera goizaldeko 3etan kontzertuari.
Goizean goizetik ibili zen hainbat lagun Andatza inguruan, triki poteoan eta bazkalostean giro bikaina izan zen, eta gauean areagotu egin zen herriko taldeen kontzertuan.
Aipagarria da antolatzaileek Andatza plazako bizilagunei zuzendutako ohar bat argitaratu zutela eta plaza inguruko atari guztietan jarri, eguerditik goizaldeko 3ak arte "prestatu ditugun ekintza ezberdinetan parte hartzera" gonbidatuz, eta "era berean sor daitekeen edozein traba edota soinuaren gaineko barkamena" aldez aurretik eskatuz.
Jakina da bizilagunek euren ezinegona luzatu diotela Udalari ohar batzuen bidez. Cerezoren omenaldia antolatu dutenek, egoeraren jakitun, bizilagunen errespetua eta elkar ulertzea aldarrikatu zuten eta hauek gonbidatu zituzten "herriko gazteekin batera, hain maitatua den musikari lasartear honen omenaldian parte hartzera".