13 Ahozkotasunaren jaialdian umoretsu

jon-altuna 2010eko maiatzaren 13a

Aurreko osteguneko Ahozkotasunaren festan guztira 250 bat haur inguru igo ziren oholtzara taldeka bertsoak kantatzera. Talde bakoitzak hamar bat minutuko saioa egin zuen, gai bati buruzko seina bertso kantatu zituzten, agurrarekin hasi eta amaituz. Umorea izan zen nagusi bertsoak kantatu zituzten neska mutilen artean, eta batzuei irri algarek ez zioten ondo kantatzen utzi, baina salbuespenak salbuespen, oro har, ederki abestu zituzten aurrez prestatutako bertsoak. Askok mozorrotuta egin zuten saioa.

Sasoeta-Zumaburu eta Landaberri ikastoletan Unai Muñoa bertsolaria ari da bertsolaritza irakasleen eta ostegun arratsaldean bi ikastetxe hauetako ikasleek Kultur Etxean bertsoak kantatu zituzten. Gela bakoitzak gai baten inguruko bertsoak prestatu zituen eta beste guztien aurrean kantatu. Guraso asko joan ziren euren seme-alaben emanaldia ikustera. Hainbat gai jorratu zituzten, umorea, telebista, irakasleekin eta beste ikasleekin harremanak... asko mozorrotuta igo ziren oholtza gainera eta oro har sorta bikainak kantatu zituzten.
Jada seigarren urtez jarraian gauzatu da egitasmoa Lasarte-Oriako ikastetxeetan eta Unai Muñoa arduradunak adierazi zuenez oso pozik daude izan duen bilakaerarekin: "Gipuzkoako bertsozale elkartean ikusten ari garelako lortzen diren emaitzak onak direla, ikastetxeekin sortu dugun harremana sendoa dela eta ari garela pausoak ematen. Bertsolaritzak beste eremu batzuetan laguntzen duela ere ikusten dugu, bertsoarekin euskaraz jolasteko aukera ematen diegu, hitzekin jolastekoa, irudimena erabiltzekoa, diskurtsoak antolatzeko eta garatzeko baliabideak".