Goiegiko Ibarra promozioaren zozketaren baldintzak eta prozedura ere onetsi zen atzo goizean (hurrengo zenbakian azalduko dugu luze eta zabal).
Horretaz, gain, 2010 urteko ekitaldian gaur arte bideratu diren espediente ekonomikoen berri eman zuen Jesus Zaballos alkateak, hala nola, eskatu diren dirulaguntzak .
“Gipuzkoan bidesari gehiagorik ez” Partidu Popularrak aurkezturiko mozioa ere aurrera atera zen. Honen bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskaera egiten zaio errepide handietan bidesaririk ez jartzeko. “Izan ere, ez zaigu bidezkoa iruditzen bidesariak jartzea, dagoeneko ordainduta dagoen azpiegitura batean,” aipatu zuen PPko zinegotziak.
Hala ere, aurretik, gai berari buruz, EBak eta EAJk, honek bidesarien alde, aurkeztutako beste bi mozio aztertu eta atzera bota ziren.
Alkatetzaren informazioa
Alkateak, batetik, 2009ko likidazioan sei milioiko superabita dagoela aipatu zuen.
Bestetik, E planeko Loidi-Barreneko frontoi eta padeleko lanak, Antia S.L. enpresari esleitu zaizkiola jakitera eman zuen eta, Gaztelekuko enpresa oraindik erabakitzeko dagoela.
Era berean, enpresa hauek herriko langabetuak kontratatu behar dituztela adostu dute Udalarekin. Esate baterako, bost pertsona kontratatuko dituzte pilotalekuko lanetan.
Bestetik, alkatetzak komunikabideei helarazitako eta argitaratutako bi ohar irakurri zituen alkateak gizarte zerbitzuetako langileen kontratatze eta soldata murrizketei eta Rafa Diez Usabiagaren askapenari buruzkoak.
Galdera ugari
Ostean, alderdiek galderak eta eskaerak egiteko txanda izan zen. Ezker abertzaleak aurreko Batzarrean erantzunik izan ez zuenezTeresategiko industrialdeari buruzko informazioa eskatu zuen, eta, era berean, industrialdea eraikitzeko gastuen datuak eskaini zituen.
Iñaki Mugika Hirigintzako lehendakariak erantzun zuen Buruntzaldeko Industrialdearekin lanean ari direla, proiektua aurrera doala eta Batzarretik pasako dela adieraziz. Eta eskainitako datuak proiektua egingarria zen edo ez jakiteko txostenekoak direla aipatu zuen Mugikak.
Somotoko ikerketa
Honetaz gain, Somotoko auditoriari buruz galdetu zuten Ezker Abertzaleak eta LOHPak. Alkateak auditoria hasi dela aipatu zuen: “hurrengo hilabetean txosten bat izango dugu”.
Ezker Batuako zinegotziak likidazioa egiterakoan irizpide aldaketa egon dela eta Udaleko sail bakoitzari aurrekontua egiteko eskatu diola jakinarazi zuen, beraz, “2010erako aurrekontua egiteko asmoa al dago?,” galdetu zuen Ortegak.
Alkateak likidazioan, Foru Aldundiak ahalbidetzen duen formula bat erabili duela aipatu zuen, aurrekontuen luzapenak jarraitzen duela eta aurrekontuak inbertsio plana aurkezteko eskatu dituela.
Rafa Diezen kasua
Jose Encinas PPko zinegotziak Rafa Diez Usabiagaren kaleratzeari buruz, Lasarte-Oriako Gizarte Zerbitzuetako agiri batek kaleratze hori ahalbidetu duela adierazi zuen. Horregatik, saileko lehendakariari galdetu zion zergatik eta nork eskatuta egin zuen agiri hori.
Alkateak, Diez Usabiaga gartzelatik Garzonek atera duela gogoratu zuen eta Gizarte Zerbitzuetako lehendakariari eman zion hitza.
Lourdes Acevedok bere eginbeharra herriko biztanle guztiei zerbitzua ematea dela gogoratu zuen, epailearen aurrean egon zela eta epaileari aurkeztu agirian LAB sindikatuko agintari ohiaren amak “Gizarte Zerbitzuetan ordua eskatu due la adierazten dela dio,” esan zuen.
Ostean, Ana Prieto LOHPko zinegotziak ospitaleetarako eta herri barruko autobusari buruz galdetu zuen.
Jesus Zaballosek herriko autobusa negoziazioetan dagoela adierazi zuen; ospitaleetara joango denari buruz, maiatzaren 17an, martxan jarriko dela uste duela aipatu zuen. Hala ere, Foru Aldundirekin bilduko dela ibilbidea ez delako Lasarte-Oriarentzat egokiena.
Diru laguntzen ikerketa
Era berean, Plataformako zinegotziak eta EAJko ordezkariak Dirulaguntzen ikerketa batzordea mantso doala salatu zuten.
Batzordeko lehendakariak, PPko zinegotzi Encinasek aipatu zuen “duela hilabete batzuk azkar doala zenioten, orain mantso doala” eta alderdi guztiak jakinaren gainean daudela erritmo hori eten dela, besteak beste, “idazkaria oporretan dagoelako.”
Estitxu Alkorta EAJko bozeramaileak adierazi zuen likidazio datuak apirilekoak direla orain eta ez abendukoak. Gainera, “zergatik ez plan finantzarioa edo aurrekontua egin?” galdetu zuen.
Bestalde, duela bi hilabete teknikariei maila igo zitzaiela eta orain soldata jaitsi zaiela adierazi zuen, baita liberalizazioa banatu dutela ere. Horregatik, aldaketa horien arteko diferentzia jakin nahi izan zuen. Alkateak teknikoen maila igoera ukatu zuen: “datu horiek alkate aldaketan egindako txostenetakoak dira eta horietan teknikarien maila mantendu zen”. Liberalizazioa pertsona bakarrari eman zaiola ere azaldu zuen.