Antolatzaileek adierazi dutenez, "eskubide berdintasuna besterik ez dugu eskatzen. Horretarako gaztelaniak duen estatus ofiziala euskarari ere aitortu behar zaio. Mendigorrian gaztelania ikasteko eskaintza publikoa badago, euskaraz ikastekoa ere egon behar da. Diputazioan gaztelaniaz hartatua izateko eskubidea badago, euskaraz izatekoa ere egon behar da... eta horrela hamaika adibide, hamaika arlotan. Pertsonon eskubideez ari gara, politikaren aurretik dauden eskubideez. Pertsonak gara, betebeharrak eta eskubideak ditugunak, pertsonak gara diskriminazioa jasotzen dugunak. Nafarrak gara betebehar berdinak izanik, euskaraz egiteko hainbatetan eskubiderik ez dugunak. Hori diskriminazioa da, lege gaizto batek ahalbidetzen duena. Eta Gobernuak modu ankerrean erabiltzen duena".
Eskubide urraketa
Nafarroako euskaltzaleek uste dute beharrezkoa dela eskubideen urraketaren aurrean altxatzea. "Manifestazioak baliagarriak izan dira eta izango dira. Baliagarria izan zen Egunkariaren itxiera salatzeko antolatu zen hura eta Nafarroan euskaldunok pairatzen dugun egoera salatzeko antolatuko dugun hau. Horrekin batera beste hamaika ekimen egiten segitu behar dugu: euskaraz bizitzeko aukerak ugaritze aldera guneak irabazten segitu behar dugu, gizarte agenteekin harremanak areagotu behar ditugu, euskararen aldeko sentsibilizazio lana egiten jarraitu behar dugu....eta beste".
Baina honekin batera jakin badakite euskara bultzatuko duten lege eta arau egokiak beharreezkoak direla eta horiek erakundetan erabakitzen direla gehiengoak bozkatuta. Antolatzaileen iritziz, "beraz, bada garaia alderdi politiko eta bestelako agenteak mugiarazi eta gehiengo horiek osatzeko, alboan utzi behar direnak utzita".
Manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dutenek Euskal Herri osoko jendea espero dute, denetariko jendea: "Euskararen aldeko manFESTAzio historikoa izatea nahi dugu eta helburu horren alde ari gara lanean" Nafarroako euskalgintza osoa bat eginik: "Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidearen aldarrikapena bere egiten duten herritar guztiona da hori, euskaldun, euskaltzale zein eskubide hori beratzat erabili nahi ez badu ere, besteentzat bermatzea bidezko ulertzen duen guztiena".
Abiapuntua
Manifestazioa, euskaltzaleen iritziz beste lan batzuk burutzeko abiapuntua izango da: “Manifestazioaren aitzakiaz, elkar ezagutzan sakontzen badugu eta euskalgintzako norbanako zein erakunde guztiekin harremanak estutzen baditugu, aukera ona sortuko da aurrerantzean ere beste ekimen bateratuak planteatzeko. Eta hori berez ona eta eraginkorra behar luke. Zentzu horretan esaten dugu abiapuntua dela”.
Bestalde, "www.bloga k.com/maiatzak15" web orrialdean manifestazioaren lelo horrekin bat egiten duten pertsonen atxikimenduak jasotzen ari dira. "Egunez egun atxikimendu zerrenda luzatzen doa, pertsona ezagunak, ez ezagunak, euskaldunak, ez euskaldunak, hainbat pertsona ari dira atxikimendu ematen eta hori handia da, aurrera egiteko kemena ematen du".