Sorgin Jaien pregoilariak, aurten, faxismoaren biktimak izango dira eta aste honetan gaiaren inguruko zenbait ekitaldi burutu dira, batetik memoriari buruzko DVD emanaldia eta hitzaldia, asteartean, eta batzar irekia ostegunean, baina ekitaldi nagusia atzeratzea erabaki dute, aurrerago beste data batean egitea baztertu gabe.
Asteartean, altxamendu faxistaren ondorioz, 1936tik gaur arte Euskal Herrian izan diren hilketa, fusilamendu, atxiloketa eta beste hainbat erasoei eta horiek jasan dituztenei buruzko DVDa eman zen Xirimiri elkartean eta Euskal Memoria egitasmoa aurkeztu zen.
Jaso eta zabaldu
Arantxa Erasun hizlariak adierazi zuenez, "gure historia guk geuk biltzea da" ekimenaren funtsa eta bi helburu ditu: bat oroimen kolektibo hori osatzea, egin gabeko lan asko eta jaso gabeko informazio ugari daudelako, eta bestetik hori zabaltzea, hau da tresna bat eskaintzea Euskal Herriaren iragana ezagutzeko.
Euskal Memoria fundazioak, liburu bat eta bi aldizkari argitaratuko ditu urtero. Gainera, euskarri informatikoan, DVDan, ere jasoko dira edukiak. Konpromisoa hartu du beraz, informazioa bildu, sailkatu eta eskuragarri jartzeko. Aurten "Gernikako seme-alabak" izeneko liburua aterako da azaroan eta azken bost hamarkadatan, herriz herri izandako jazarpen kasuen bilduma izango da” jakinarazi zuen Erasunek. Jada informazioa jasotzen ari dira, herri bakoitzean eraso edota atxiloketak jasan zituztenen eskutik.
Hizlariak aipatu zuenez, "bost hamarkadatan estatuaren errepresioaren ondorioz 466 hildako daude, zaurituak milaka, 50.000 mila atxiloketa politiko, 10.000 pertsona torturatu, 7.000 espetxeratu,... hau jasotzen eta honekin batera egitasmoa ezagutarazten ari gara. "
Euskal Memoriaren helburua da 6.000 laguneko sare bat osatzea. Babesle bakoitzak urtero 65 euro jarriko ditu eta trukean liburua, DVDa eta bi aldizkariak jasoko ditu. www.euskalmemoria.com web orrialdean jaso daiteke informazio gehiago.