Gero eta artista gehiago

Txintxarri Aldizkaria 2010eko maiatzaren 14a

Orain zortzi urte ospatu zen lehenengo aldiz Antzerki Astea. Urtetik urtera gero eta komediante gehiago joan da eskolara hurbiltzen. Dantzak ere, poliki-poliki bere lekua egin du eta gaur egun Antzerki eta Dantza Astea bihurtu da. Hasieran astebete nahikoa zen prestatutako emanaldiak herritarrei eskaintzeko, baina taldeak gehitzen joan direnez, badira bizpahiru urte aste hori hamabostaldi bihurtu behar izan dutela.

Bihar, maiatzaren 15ean hasi eta hilaren 28ra bitartean 500 lagun inguru pasako dira Manuel Lekuonako kulturetxeko oholtzatik. Aipagarriena aurtengo parte-hartzaileen kopuru handia bada ere, ez da azpimarratu behar den bakarra, izan ere berrikuntza askorekin dator aurtengo Antzerki eta Dantza Astea.
Hasteko, aurten Antzerki eta Dantza izena jarri zaio Asteari, izan ere, dantza gero eta pisu gehiago hartzen ari da, taldeak gero eta gehiago dira.

Eskolak herrira salto

Gainera aurten Antzerki Eskola ez da mugatu Landaberri ikastolara, herrira salto egin eta jasotako hainbat eskariei aurre egin die. Esaterako Sasoeta-Zumaburu ikastetxean bi talde daude aurten, eta Añorga Txikiko Amassorrain ikastolan ere beste bi.
Ikastolatik Antzerki eta Dantza eskola ateratzea bi arrazoi nagusiengatik eman da, bata, sortu zeneko filosofia mantentzeko, “ahalik eta jende gehienak egin dezala antzerkia” (gaur egun dantza ere bai) eta besterik eskola bera sendotu eta egonkortzeko.
Eskola bera asko handitu da 8 urte hauetan, eta beste kudeaketa bat behar duela ikusi da. Kudeaketa hori nola gauzatu, beste hainbat gai eta etorkizuna lantzeko zuzendaritza bat sortu da, hilean behin elkartzen dena. Zuzendaritza hori, irakasle, ikasle eta antzerkizaleez osatuta dago.
Zuzendaritza honek, gonbidapena egin nahi die interesa izan zezaketen herritar guztiei batzorde horretan parte hartzeko.

Aurtengo Antzerki Astea

Aurtengoari dagokionez, hainbat aipamen egin behar dira. Biharko desfilean, iaz bezala, eskolako talde guztiek hartuko dute parte, 500 lagun inguru (iaz baino ia 200 lagun gehiago).
Gainera Antzerki eta Dantza Astea, dagoeneko hamabostaldi bihurtu zaigu.
Antzerki eta Dantza Eskolak lan egiten du herriko hainbat elkarterekin elkarlanean, horietako bat da Ttakun. Ikasturte honetan talde berri bat sortu dute elkarlanean, non euskaldun berriak, Solaskide programakoak, eta euskaldun zaharrak uztartzen diren.

Antzerkitik zinera

Aipatzekoa da ere, aurten helduen talde batek laburmetrai bat grabatu duela, A ze kuadrilla, amonak eta hila; Mertxe Rodriguez irakaslearen zuzendaritzapean eta Isa Fdez. de Agirrek grabatuta.
Ez dago beraz aitzakiarik Antzerki eta Dantza Astean etxean geratzeko, hurbildu kulturetxera, merezi du eta!

46 TALDE, 500 PERTSONA: ANTZERKIA ETA DANTZA EUSKARAZ
Maiatzaren 15etik 28ra Lasarte-Orian…
• Lasarte-Orian 500 pertsonatik gora aritzen gara euskaraz astero-astero antzerkia eta dantza egiten.
• 46 talde, 5 urterekin hasi eta adin mugarik gabe 13 irakasleren laguntzarekin.
• Antzerki eta dantza astea antolatzen dugu urtero, azken urteotan hamabostaldia bilakatu zaiguna.
• Aurtengoa 8. urtea izango da eta 19 antzezlan berri estreinatuko ditugu.
• Manuel Lekuona Kultur Etxean eskainiko ditugu saioak, maiatzaren 15ean hasi eta maiatzaren 28ra bitartean.
• Hamabostaldiari hasiera emateko maiatzaren 15ean, 18:00etan, herria zeharkatuko duen desfilea abiatuko da kultur etxetik. 500 partaideok koloreez eta dantzaz margotuko dugu herria, musikaz lagundurik.
Ondoren, 19:30etan “Dantzaz blai” ekitaldia eskainiko dugu antzokian.
• Aurten antzerki eta dantza eskolaren abestia sortu da eta egunotan estreinatu eta ezagutzera emango da. Desfilea ere horren lekuko izango da.
• Antzerki jolasak, mimoa, klown-a, dantza garaikidea, esketx laburrak, antzezlan sakonak… denetarik dastatu ahal izango dugu. Oraingo honetan “A ze kuadrila, amonak eta hila” laburmetraia estreinatuko da gainera.
• Aurten “Landaberri antzerki eta dantza eskolakook” Sasoeta-Zumaburu eskolara eta Añorga Txikiko Amassorrain ikastolara zabaldu dugu gure jarduera eta lehen aldiz parte hartuko dute egitarauan. Usurbilgo Txerriki taldeko URRE KUTTUNA-ko jubilatuak ere gurekin izango dira.
• “Landaberri antzerki eta dantza eskolak” gonbitea luzatzen dizue herritar guztiei jardunaldietaz goza dezazuen gurekin batera. Bi aste hauetan urte osoko gure lana, esfortzua, izerdia eta ilusioa eskaini nahi dizkizuegu, doan eta pozik.
• Hala ere, gure pozak badu bere alde tristea. Izan ere, Kultur Etxearen erabileraren gastuaren zati bat ordaindu behar diogu udalari eta honi aurre egin ahal izateko, zuen borondatezko diru-laguntza eskertuko dizuegu.
• Lasarte-Orian, bizitza kulturala eta euskalduna sustatzea du helburu antzerki eta dantza eskolak, herriko gainontzeko elkarteekin elkarlanean. Jarduera honetan ateak zabalik ditugu denontzat!!
ANIMO ETA AURRERA!!

Landaberri antzerki eta dantza eskola