Goiegi-Ibarrako BOEn zozketa egiteko baldintzak onartu dira

Txintxarri Aldizkaria 2010eko maiatzaren 15a

Ostegunean, Lasarte-Oriako Udalean ospatutako batzarrean Goiegiko Ibarra promozioan etxebizitza babestuak lurrazaleko eskubidearen erregimenean adjudikatzeko zozketaren deialdiko baldintzak eta prozedurak onartu ziren.
Oraindik zehaztu gabe dago zozketaren data. Izan ere, alkatetzaren ebazpenaren zain dago.
Erregistroan izena eman duten herritarrak dute aukera zozketan eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean baldintzak eta prozedurak argitaratzen diren egunaren hurrengo 15 egun naturalen barruan amaituko da promozio honetan parte hartzeko aukera.
Hala ere, erregistroak irekita jarraituko du eta izena ematen dutenek hurrengo promozioetan sartuko dira.

Kupoak eta etxebizitza kopurua

Orotara 76 etxebizitza izango dira Goiegin eraikiko direnak.
Etxebizitzak eta garajeak adjudikatzeko eskatzaileen kupo ezberdinak hartuko dira kontuan.
Alde batetik, mugikortasun urri iraunkorreko desgaitasunak dituztenak. Hau da, gurpil-aulkira mugatuta daudenak, oinez ibiltzeko derrigor bi eskumakilen beharrean direnak eta minusbaliotasun gradua 7 puntu edo gehiago aitortua dutenek. Kupo honetarako, egokitutako 4 etxebizitza egongo dira Goiegiko Ibarran.
Beste eskatzaile kupoa familia ugariarena izango da, 5 kide edo gehiagoko bizikide-unitatea osatzen dutenak. Horretarako, familia ugariaren txartela aurkeztu beharko da eskatzaile-orria betetzerako orduan. Honela, promozio honetan familia ugarientzako 4 etxebizitza egongo dira.
Hirugarren kupoa 35 urte baino gutxiago dutenek osatuko dute. Hau da, bizikide-unitateek non kide guztiak, salbuespenik gabe, adin hori gainditzen ez dutenak. Era honetara, gazteentzat 38 etxebizitza zozketatuko dira Goiegiko Ibarra promozioan.
Azkenik, bestelako eskatzaileen kupoa aurkitzen dugu. Alde batetik, kide bakar edo bi kideko bizikide-unitateak, eta bestetik hiru kide edo gehiagoko bizikide-unitateak. Beti ere, familia ugaria ez badira.
Gainerako eskatzaileentzat 30 etxebizitza egongo dira. Hauetatik, erdia etxebizitza kide bakar edo bi kidez osatutako bizikide-unitatera igorriak izango dira, eta beste erdia hiru kidetik aurrerakoentzat.

Behin-betiko listak
Ekonomiako, Ogasuneko eta Ondareko Departamentuak eskabideak egiaztatzen dituenean onartuen behin behineko lista aterako da. Eta hauek izango dira azkenik zozketan parte hartuko dutenak.