15 Dantzaz Blai emanaldi ikusgarria

jon-altuna 2010eko maiatzaren 15a

Lasarte-Oriako VIII. Antzerki eta Dantza Asteak hasiera bikaina izan du. Larunbatean arratsaldeko 7.30etan hasita herriko dantza taldeek euren ikuskizuna eskaini zuten topera beteta zegoen Kultur Etxean. Hamar taldek dantzatu zuten gaztetxoenek hasi eta helduenek bukatuz eta azkenean Antzerki eta Dantza asterako propio egin duten abestia dantzatu zuten oholtza gainean ziren dantzari guztiek eta ikusleek batera. 120 lagun ziren azkenean dantzan elkarrekin eta saioaren amaiera zirraragarria izan zen.

Hamabost egunetan antzerkia eta dantza izango dira herrian protagonista. Larunbatean eman zitzaion hasiera VIII. Antzerki eta Dantza Asteari. Aurten ia 40 taldek parte hartuko dute eta ondorengo 15 egunetan emanaldiak izango dira Kultur Etxean, goiz eta arratsaldez astelehenetik ostegunera eta gauez ostiraletan. Larunbatean arratsaldeko 18:00etan egitekoa zen talde guztien desfilea bertan behera gelditu zen eguraldi txarrarengatik eta ostiralean arratsaldeko 18:30etan egingo da. Dena den antzerki eta dantza zaleek gozatu ederra hartu zuten larunbatean arratsaldeko 7:30etan hasita burutu zen dantza ikuskizunarekin.
Maider Oiartzabal eta Amaia Navascues-ek zuzentzen dituzten hamar talde igo ziren oholtza gainera, ehun dantzari baino gehiago guztira, ordu eta erdiko emanaldi ikusgarria osatzeko. Haurrak hasi eta pixkanaka helduagoek egin zuten dantza. Bukaera zoragarrian denak elkarrekin Antzerki eta Dantza Astearen kantua dantzatu zuten.