Elkarteko arduradunek azaldu digutenez, jende ugari bildu da proposatutako lau hitzaldietara, “eguneko 60 bat pertsona bildu dira aretoan,” baina jende heldua zen gehiena, aitona-amonak eta bada garaia gurasoek horrelako ekimenetan ere parte hartzekoa.
Lehenengo hitzaldia izan zen jendetsuena, eta gutxiena hirugarrena; tolerantzia eta inmigrazioaren gaia jorratzen zuena. Datu hau adierazgarri egin zaie antolatzaileei, “tolerantzia eta immigrazioa elkar loturik daudela uste baitugu”.
Gauzak horrela, balorazio positiboa egiten dute antolatzaileek, izan ere, haien ustez “argi geratu da jorratutako gaia egun puri-purian dagoen gaia dela.”
Hizlarien trebetasuna
Tolerantziaren gaia korapilotsua da, eta hori argi islatu dela diote antolatzaileak.
Izan ere, hizlari batzuk tolerantea izatea besteen gainetik bere burua jartzea bezala adierazi dute, eta beraiek argi dute hori ez dela tolerantziaren benetako adiera. Beraien aburuz, ezberdinen arteko elkarbizitza da tolerantzia.
Danok Kide arriskuan
Era berean, Danok Kide guraso elkarteko antolatzaileek herritarrei dei bat luzatu nahi izan diete.
Urte asko daramate lanean herrian, herriarentzat eta jada erreleboa hartzeko ordua iritsi zaiela uste dute. “Jende berria, gaztea behar da Danok Kide bezalako proiektua aurrera eraman dezaten,” adierazi dute.
2012an 50 urte beteko ditu elkarteak. Urte ugari dira gure artean, eta horrela izaten jarraitu dezan nahi dute.