Udalak herriko langabetuen kontratazioa bultzatuko du

Txintxarri 2010eko maiatzaren 17a

Enplegua Udalaren konpetentzia ez bada ere, Udalbatzarrean aurreratu zuen bezala, hemendik aurrera esleitzen dituen kontratu guztien orrietan klausula bat ezartzea erabaki du.
Horren bidez, enpresa esleipendunek langabezian dauden lasarteoriatarrak, edo herrian erroldatutakoak kontratatzea izango dute ezinbesteko baldintza.
Horretarako, enpresek, INEM edo Lanbideko bulegoetara jo beharko dute bete behar dituzten postuen perfila betetzen duten herritarren zerrenda eskatzera, ondoren, enpresa izango da aukeraketaz arduratuko dena.
Udalak, kontratatutako pertsonak, posturako beharrezko baldintzak betetzen dituztela ziurtatzeaz arduratuko da. Hau da, enpresarekin duen kontratua indarrean dagoen bitartean langabezian egotea eta udalerrian erroldatuta egotea.
Neurri honen bidez, alkatetzatik, enplegu mailan krisiaren eraginez bizitzen ari garen egoerari aurre egitea dute helburu.
Tokiko Enplegu eta Egonkortasunerako Estatuko funtsarekin aurrera eramango diren Gaztelekua eta Loidi-Barreneko frontoia eta padelaren bigarren fasean jada klausula berri hau martxan jarriko da.