Jada seigarren urtez jarraian gauzatu da egitasmoa Lasarte-Oriako ikastetxeetan eta Unai Muñoa arduradunak adierazi zuenez oso pozik daude izan duen bilakaerarekin: "Gipuzkoako bertsozale elkartean ikusten ari garelako lortzen diren emaitzak onak direla, ikastetxeekin sortu dugun harremana sendoa dela eta ari garela pausoak ematen. Bertsolaritzak beste eremu batzuetan laguntzen duela ere ikusten dugu, bertsoarekin euskaraz jolasteko aukera ematen diegu, hitzekin jolastekoa, irudimena erabiltzekoa, diskurtsoak antolatzeko eta garatzeko baliabideak".
Muñoaren ustez gauza garrantzitsu asko ikasten dituzte, "besteari entzuten, arrazoiak antolatzen, jendaurrean kantatzen eta kokatzen... eta gaur ikusiko duzuena horren eredu bat izango da, urte guztian astero astero geletan lantzen duguna, egin dugun saiakera gaur erakutsiko dizuegu eta ikusiko duzue zein den emaitza".
Unai Muñoaren ustez meritu handia dute oholtzan kantatu zuten neska mutilek: "eskatzen diegu gai baten inguruan pentsatzeko, argudiorik garrantzitsuena aukeratu, hori bertsoaren azken puntuan kokatu, errimak bilatu, diskurtsoa egin, silabatan neurtu, koherentziarik ez galdu, kultur etxera etorri, ehunka lagunen aurrean jarri, kantatu..." eta beraz, "miresteko moduko gaitasun eta adore hori eskertzeko" txalo bat eskatu zuen saioa hasi aurretik.
Laguntzaileak
Bi ikastetxeetako irakasleentzat ere izan zen beste txalo bat ematen duten laguntzarengatik. Bukatzeko kantatzen duten neska mutilekin batera jaialdia posible egiten duten erakundeak aipatu zituen Unai Muñoak, ikastetxeak, Gipuzkoako bertso zale elkartea eta diruz laguntzen duen Udala.
Arratsaldeko 5:30ean hasi zen lehen jaialdian, laugarren eta bosgarren mailako ikasleak aritu ziren, Landaberri ikastolako 5. mailako lau talde eta Sasoetako bi talde, 4.ekoa bat eta 5.ekoa bestea. Antzerkia, txiste kontaketa, jokoak eta bertsoa nahastu zituzten.
Lehen taldeak, Landaberriko 5A gelakoek, umore marroia landu zuen, 5B taldekoek oporretan aiton-amona, guraso eta umeek egindakoa kontatu zuten mozorroturik eta tonu umoretsuan, 5D gelakoek eztabaidak eraman zituzten saiora, mutil eta nesken, anai arreben eta irakasle ikasleen arteko elkarrizketak. 5E taldekoek bertso jolasa proposatu zuten: ikusleek bi bertso-asmakizun asmatu behar izan zituzten, bertso ona eta txarra zein ziren erabaki eta Mihiluze saioan bezala bertso baten errimak asmatu.
Sasoetako laugarren mailako ikasle ausartek euren haserrea kanporatu zuten eta irakasle zein gurasoen jarrera salatu: "Ai Zapotxin, Ai Zapotxin ez dago zer egin, guraso eta irakasleekin" leloa eta zenbait bertso kantatuz. "Irakasleen artean oso txapak dira, ta joan daitezela oso urrutira", "kirola egitea oso ondo dago eta egin nahi dugu soinketa gehiago", "piztina bat jarrita patio erdian, ta tranpolinarekin hobe da agian"...
Sasoetako bosgarren mailakoak Telebistako Simpson saioko pertsonaien itxurarekin igo ziren eskenatokira. Azkenean sorpresa eman zioten Unai Muñoa irakasleari.
Munduko berri
Bigarren jaialdian 18:15ean hasita, Landaberri ikastolako seigarren mailako bost gelatako neska-mutilek abestu zuten. Hauek ere mozorroak erabili zituzten euren gaiak landu eta bertsoak dotoretzeko. A gelakoek mundua kolorez beteta dagoela erakutsi nahi izan zuten eta munduko herrialde ezberdinei buruzko bertsoak eskaini zituzten. Euskal Herriko pilotariekin hasi eta AEB, Mexiko, Paris, Hawai eta Australiari buruzko bertsoak bota zituzten.
6B gelakoek, asmakizunak kantatu zituzten, bertsoak kantatu eta ikusleek zertaz ari ziren asmatu behar zuten. 6D gelakoek telebistako programei buruz kantatu zuten eta 6E gelakoek, aldiz, abesti ezagunei letrak aldatuz hitzekin jolastu zuten.
Unai Muñoa gustura zen jaialdiarekin, "gaurko emanaldia lortzen ari garen emaitza onen ispilu da. Ez gara soilik Buruntza aldean ari, Euskal Herri osoan lantzen den proiektua da, 12.000 ikasle inguru ditugu Euskal Herri osoan eta uste dugu bertsoak erakusteaz gain beste hainbat alor ere landu ditzakegula bertsoaren bitartez, hizkuntzarekin eta hitzarekin jolasten, diskurtsoak egiten, arrazoiak ordenatzen, jendearen aurrean aritzen, irudimena erabiltzen, albokoari entzuten, bertsoez gain beste hainbat balore eta ezaugarri ere ikasten dituzte".