Maider Oiartzabal eta Amaia Navascues-ek zuzentzen dituzten hamar talde igo ziren oholtza gainera, ehun dantzari baino gehiago guztira, ordu eta erdiko emanaldi ikusgarria osatzeko. Haurrak hasi eta pixkanaka helduagoek egin zuten dantza. Bukaera zoragarrian denak elkarrekin Antzerki eta Dantza Astearen kantua dantzatu zuten.
Arratsaldeko 19:30tan erabat beteta zen Kultur Etxea. Sarreran, lau emakume dotore orri batzuk banatzen, saioa ikusleentzat doan zen bitartean, parte hartzaileentzat garesti zela salatuz. "Hau ez da debalde, guk ez dugu kobratzen aktuatzeagatik, zergatik kobratzen digute gure lana eskaintzeagatik?" zioten banatu zituzten orrietan. Sarreran itsulapiko batzuk jarri eta Kultur Etxearen erabilera ordaintzeko ikusleen "borondatea" eskatu zuten.
Kultur Etxea beteta
Gainera, herritar batzuk kanpoan gelditu ziren lekurik ez zutelako. Emanaldiaren hasieran, barruan ziren ikusleak ustekabean harrapatuz, buruak estalita eta armak eskutan gazte talde bat sartu zen aretora, oholtzan ziren Grease musikaleko bi protagonistei euren saioa eragozteko. Jendartera ere atera ziren aktore bila.
Datozen 15 egunetan izango diren emanaldien berri jaso ondoren erretiratu eta Dantzaz Blai emanaldia hasi zen. 120 dantzari inguru igo ziren oholtza gainera, oin hutsik, euren dantzak eskaintzera.
Euskal dantza garaikidea
Haurren taldeek euskal dantzak eta dantza garaikidea uztartu zituzten. LH4 eta LH5 mailetako bi talde izan ziren oholtza gainean. Haur hauek euskal dantzak ere ikasten eta dantzatzen dituzte, baina Maider Oiartzabal irakaslearen iritziz, garrantzitsua da koreografia berri eta erakargarriagoak egitea, eta euskal dantza tradizionalak gaurkotzea, euskal dantzek iraun dezaten eta transmisio kulturalari eusteko.
Handik aurrera DBHko beste bost taldek, gazteen taldeak eta helduen bi taldeek dantza garaikidea eskaini zuten, saio guztiak desberdinak eta bikainak.
Bukaera are ikusgarriagoa izan zen. Dantzari guztiak zuriz jantzita atera ziren oholtzara elkarrekin dantza egitera, haurrak oholtza aurrean jarri ziren eta ondoren Antzerki eta Dantza asteko abestia estreinatu zen.
Eskolaren abestia
Alain Espadasek egin du musika, Maider Oiartzabalek letra eta beste hainbat herritarrek hartu du parte: Makulu Ken taldeko Xabi Herrerak jo du gitarra eta koroak abestu, talde bereko Iñigo Suberbiolak perkusioa jo du, Esne Beltza taldeko Jon Tronbon-ek tronboia jo du, Unai Muñoak bertsoa abestu eta guztiaren egokitzapena Emilio Encinas-ek egin du. Maider Oiartzabalek abestutako kantua erraz barneratu zuten ikusleek eta hauek ere kantatu eta dantzatu zuten. "Bat, bi, hiru eta lau Lasarteko Antzerki eta Dantza Eskola da hau, etorri zaitez gurekin euskaraz dantza eta antzerkia egin" dio abestiaren leloak.
Zalantza izpirik gabe oso osasuntsu da antzerkia eta dantza Lasarte-Orian: zortzigarren aldiz Antzerki eta Dantza Astea buruko da ondorengo bi astetan. Landaberriko lau antzerki talderekin hasi zen Antzerki Eskola sendotu dela ezin ukatu, Astea Hamabostaldia bihurtu da, egun ia 40 talde ari dira dantza eta antzerkia egiten, Amassorrain eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetan ere antzerki taldeak sortu dira... Gainera dantzak ere pisu handia hartu du, 10 talde ari dira dantza garaikidea egiten, maila bikainean gainera larunbateko emanaldian argi frogatu zenez.
Baina larunbatean Astea hasi besterik ez zen egin. Gaurtik aurrera, egunero goizeko 11etan eta arratsaldeko 19:00etan antzezlan bat eskainiko da Kultur Etxean, ostiralean 18:30ean talde guztien desfilea egingo da eta gaueko 22:30ean helduen Mikelenak eta Hiru desio lanak eskainiko dira. Datorren astean ere beste hainbeste saio, guztiak Manuel Lekuona kultur etxean doan. Goizeko saioetara eskolako haurrak joango dira. Egitarau osoa zazpigarren orrialdean begiratu daiteke.