Hala eta guztiz ere, auzo elkarteak ez daude ados ezarritako Gipuzkoako Foru Aldundiak ibilbidearekin, ezta autobusaren tamainarekin ere. Eta Udalak hauekin bat egin du.
Udalaren erantzuna
Honela, Lasarte-Oriako Udaleko alkatetzak bere desadostasuna azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarri duen ibilbidearekin. Izan ere, Jesus Maria Zaballos alkatearen ustez, "ez du Udalak espero zuena betetzen, ezta udalerriaren eta bizilagun elkarteen aldarrikapenak ere."
Alkateak eskutitza bidali dio dagoeneko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuari, Arantza Tapiari, proposamen berri batekin, guztiz posiblea eta hiritarren eskakizunekin bat datorrena.
Proposamen berria
Udalak autobusa udalerrian Hipodromoko zubitik sartzen denez, Donostia Etorbiderantz joan beharrean, Tajamarreko errotondan hegoaldera hartzea proposatzen du.
Honela, herria zeharkatuko luke autobusak honako geldialdi hauek eginez: Kale Nagusian, Erretiratuen Elkartean, Txarteleko errotondan, Basaundi Bailaran eta Karmengo kaperan.
Modu honetan, autobusak N-1 errepidea hartuko luke Orian Ospitaletara zuzenean joateko.
Alkatearen hitzetan, "teknikoki posiblea dela uste dugu, ez dela gehiegi eskatzea, kontuan hartuta Andoain, Urnieta eta Hernani Ospitaleekin lotzen dituen lineak sei geldialdi egiten dituela udalerri horietako bakoitzean, hiriko lineatzat hartzen ez bada ere".
"Gure ustez, Lasarte-Oria bezalako udalerri batek, ia 18.000 biztanle dituena, gainontzekoek duten tratu bera merezi du, izan ere, arestian aipatutako herrietako horietako batzuk biztanleria gutxiago dute" aipatu du alkateak.
Tamainarekin ere ados ez
Horrez gain, alkatetzak autobusaren tamaina edo edukierarekin ere desadostasuna azaldu du.
"20 plazarekin posible da autobusa Lasarte-Oriara iristean beteta edo ia beteta egotea. Eta nahiz eta zain egon, gure bizilagunak zerbitzurik gabe gera daitezke," azaldu du alkateak.
Zaballosen ustetan, "plaza gutxi dira ia 25.000 biztanleren beharrak asetzeko puntako orduetan".
Era berean, Joxe Usabiagak Lasarte-Oria auzo elkarteko kideak adierazi digunez, “Urnietara zegoen autobusak arrakasta handia izan ez duelaz baliatu dira eta ibilbide horretan zegoen autobusak egingo du ospitaleetarako bidea.”
Hori guztia dela eta, Lasarte-Oriako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio autobus-linea honen baldintzei buruz berriz ere hausnartzeko eta Udalaren eta hiritarren eskakizunei erantzuteko.
Izan ere, Usabiaga Lasarte-Oria auzo elkarteko kideak azaldu digunez, “proposamen hau onartu arte ez gara geldituko” eta ekainaren 1an Foru Aldundiarekin bilera dutela ere aurreratu digu.