Solaskideak eta antzerki zaleak

Nerea Eizagirre 2010eko maiatzaren 21a

Ikasteko era ezberdinak daudela erakusten digu, gaur gauean, 22:30ak aldera, 8. Antzerki eta Dantza Astean parte hartzen duen taldeak. Izan ere, aurten euskaldun berriak eta zaharrak elkartu dira talde honetan, gozatzeko eta antzezten ikasteko. Alex Telloren zuzendaritzapean, Mikelenak lana prestatu dute eta kultur etxera hurbiltzen diren guztiei ikasi dutena erakutsiko diete. Baina Solaskideko helduen taldea baino lehen, Usurbilgo Urre kuttuna taldeak Perrault-en Hiru desio eskainiko dute.

Ttakuneko Solaskide programan hainbat antzerki zale zeudela ikusirik, Lasarte-Oriako antzerki eta dantza eskolarekin hitz egin zuen talde bat antolatzeko.
Ekimena aurrera eraman, irakaslea bilatu, Alex Tello, eta aurten egin du bere lehenengo ikasturtea.
Euskaldun berriak eta zaharrak nahasten dituen taldea dugu, beraz. Haiek Jon, Kontxu, Gerardo, Sole Ainhoa, Make, Nahia, Gloria eta Aitziber dira.
Baina horretaz gain, arestian aipatu bezala, antzerki zaleak ere badira eta, gaur gauean antzezleak izango dira. Manuel Lekuona kultur etxeko taula gainean, Alex Telloren zuzendaritzapean prestatutako Mikelenak lana eskainiko dute.
Solaskide taldearen azken aurreko entsegura hurbildu ginen eta Alex Tellok, taldeko irakasleak, antzezlanari azken ukituak nola ematen zizkion ikusi ahal izan genuen, baita Solaskide taldeak egiten duen lana ere.
Saioa amaitzean haiekin hitz egiteko aukera izan genuen.

Euskara eta harremanak

Solaskideko antzerki taldean zergatik parte hartzen duten galdetzean, “beste gauza bat egiteko. Ez bakarrik euskara liburuetatik ikasteko,” erantzun digu Makek.
Antzerki lanari buruz galdetzean, Aitziberrek azaltzen digunez, “gure helburua ez da kristoren antzerkia egitea, ondo pasatzea eta euskaraz egitea da.”
Eta, “daramagun bizitza honetan batzuk egun batzuetan ezin dute besteak besteetan. Eta zailtasunak izan ditugu. Azken antzerki honi ez diogu honelako garrantzia ematen. Badauka bere garrantzia eta urduri gaude, baina garrantzitsuena ondo pasatzea da,” azpimarratzen du.
Kontxuk ere talde honetan antzerkiaz gain, harremanak eta giroak garrantzi duela adierazi du, “emaitza oso polita da. Denok nahi dugu zerbait erakutsi edo erakusteko eskatzen digute. Baina politena da, gure artean sortzen den giroa eta harremanak.”
Eta jarraian, “oso aberatsa da ere Lasarte-Oria batean horrelako aukera izatea euskaldun berriak, zein zaharrak biltzekoa. Nik orain taldeko beste norbaitekin hitz egin behar baldin badut, ni euskaraz zuzenduko naiz. Haientzako ere erreferentzia da eta zein pertsonekin euskaraz hitz egin dezaketen badakite. Nire ustez talde hau oso garrantzitsua izan da, gure harremana horrela posible dela jakiteko eta betirako euskaraz egiteko,” aipatu digu.

Antzerkia

Guztiak euskaldun berriak, zein zaharrak gogor egin dute lan Mikelenak antzezlana aurrera ateratzeko. Izan ere, gehienek ez dute inoiz antzerkirik egin.
Gerardok ikasturte hasieran ariketak egin zituztela azaldu digu eta Aitziberrek “jolasten pasatzen genituen orduak,” aipatu digu.
Izan ere, “Lan berria ikasten eta ahalik eta ondoen egiten saiatzen zara,” azaldu digu Jonek.
Hala ere, benetako lana duela gutxi hasi dutela onartu dute.
”Inauterietan gauza txiki bat egin genuen eta orain hau. Ez batak eta ez besteak ez dute testu handirik. Testua baino gehiago egoera landu behar izan dugu,” esan digu Solek.
“Gehiena inprobisatu dugu,” adierazi du Gloriak.
Eta Solek, “guk aukeratu genituen antzerki lanean entzungo diren doinuak eta gero testua ekarri zuen Alexek.”
“Hala ere, guk gure iritzia eman dugu eta proposamenak sartu ditugu,” gaineratzen du Aitziberrek. “
Talde lan horrek ere taldeko harremanak sendotzen lagundu du,” adierazi dute.
Era honetara, talde lana dugu gaur Manuel Lekuona kultur etxeko aretoan eskainiko duten Mikelenak lana eta denon gustukoa izatea espero dute.
Urduritasunik ez zaie nabari, baina “egunean bertan hasi baino lehen dardarka egongo gara ziurrenik,” aitortu du Solek.