Norgehiagoka garrantzitsua, Erregionalen Ohorezko mailara igoera

Txintxarri 2010ko mai. 21a, 02:00

Ostadarrek denboraldi bikaina egin du aurtengoan. Kategoria berria ezagutzeko gogoekin hasi eta orain Ohorezko Mailara igotzeko pausu batera dago herriko taldea. Euren kategoriako taldean bigarren geratu eta orain igotzeko beste aukera bat dute. Zumaikren aurka dute azken aukera. Bihar lehenengo buelta, Zumaian. Eta hemendik bi astetara, Michelinen partida erabakigarria izango da. Urte emankorra izan dutela behintzat ezin ukatu.

Arratsaldeko 17:00etan, Aita Mari zelaian, Zumaian, Zumaiakoren aurka jokatuko du Ostadarrek norgehiagoka. Lehenengo bueltan ahalik eta markagailu hoberenarekin bueltatzea dute helburu, eta hemendik 15 egunetara, Ohorezko Mailarako pasea Michelinen lortu eta herrian bertan ospatzea.

Nola ikusten duzu partida?
Oso partida parekatua izango da larunbatean jokatuko duguna.
Zenbakiak ikusita Zumaiako, gu baino hobeto ibili da ligan. Guk 56 puntu egin ditugu eta haiek 67, normalean lortu duten puntuazioarekin igoera ziurtatua zuten.
Gu bezala hasi ziren, gogor eta lehenengo postuan, eta azkenean, gure antzera, bigarren amaitu dute.
Gure informeek erakutsi digute defentsan oso talde sendoa dela, baina gol gutxi sartzen dituztela. Beraz, gure helburua golik ez jasotzea izango da.

Nola ikusten duzu taldea?
Animo askorekin. Ezin dugu ahaztu pasa den urtean igo ginela, eta orain, Ohorezko Mailara igotzeko bi partida erabakigarriak ditugula.
Hala ere, denboraldi bikaina egin dugula ezin da ahantzi. Normalean, igotzen diren taldeen %90a, denboraldia amaitu eta jaitsiera postuetan aurkitzen dira, gure egoera ez da normala beraz. Eta honen guztiaren gakoa, Ostadar K.F. egindako lanean aurkitzen da.

Energia guztiak Michelinen jokatuko den itzulirako gordeko dituzue?
Bai. Aipatu bezala, larunbatean golik ez jasotzen saiatuko gara. Eta hemendik bi asteetara Michelinen jokatuko dugun partidan gogor aterako gara.
Igoera Michelinen lortzen badugu, izugarria izango da. Lortu ezean ere, egindako denboraldi bikaina ospatuko dugu.