Norgehiagoka garrantzitsua, Erregionalen kopa

Txintxarri 2010ko mai. 21a, 02:00

Texas-Lasartearra gogotsu dabil denboraldiaren azken txanpa honetan. Ligan igoerarako fasetik kanpo geratu bazen ere, oraindik erronka handia zuten, Kopa Lasarte-Orian geratzea. Hiru urte daramate Kopan finalaurrekoan kanporatuak izaten, baina aurtengo, beraien urtea da. Bihar, Dunboa-Eguzki F.C. taldearen aurka finalerako pasea lortu dezakete. Aurten bai, Kopa herrian geratuko denarekin ilusionaturik dago taldea.

Igoera postuetatik kanpo geratzea ez du zertan talde baten motibazioa jaitsi behar, eta horren isla da Texas-Lasartearra. Orain, helburu zehatza dute, aurten Kopa Lasarte-Oriara ekartzea. Bihar, arratsaldeko 17:15ean Dunboaren kontra jokatuko du Michelinen, etxean, zaleen babesean.

Nola ikusten duzu partidua?
Printzipioz ondo ikusten dut, aukerekin. Oso ondo ibili gara fase honetako bigarren bueltan, partida guztiak irabazi ditugu, bat izan ezik, berdinketa lortu genuela. Beraz, esperantza askorekin gaude. Izan ere, aurten dugun helburua kopa Texas-Lasartearrarentzat izatea da.
Azken hiru urteetan finalaren ateetan geratu gara, eta aurten hori berriro horrela ez izatea dugu amets. Esperantzarekin gaude, eta Kopa irabaztea egin dugun denboraldiari amaiera paregabea ematea litzateke. Beraz, gogor arituko gara larunbatean.

Nola ikusten duzu Dunboa F.C.?
Gu indartsuagoa gaude. Baina, Dunboak beste talde bat dauka goiko mailetan eta seguraski talde horretatik futbolariak jaitsiko dituzte.
Talde oso ona da Dunboa, baina zortez etxean erabakiko da finalerako pasea, eta horretan abantaila izango dugu, gure publikoa inguruan izango dugulako. Guk gure jokoa egingo dugu, gure eskutan dagoen guztia egingo dugu Kopa Lasarte-Orian geratzeko.

Nola ikusten dituzu jokalariak?
Gogo handiekin, izugarriekin. Urtarrilean igoera fasetik kanpo geratu ginenean, jokalarien animoek behera egin zuten. Baina pixkanaka intentsitatea eta motibazioa berreskuratzen hasi ziren, eta orain oso momentu onean aurkitzen dira Texas-Lasartearrako jokalariak.
Momentu hauetan gauza bat dute bakarrik buruan, Kopa aurten gurea izan behar duela.