Hiru final ezberdin ikusteko aukera izango dute bihar arratsaldean kiroldegira hurbiltzen diren herritarrek.
Lehenengo finala, kontsolazio lehiaketakoa izango da, honetan Obelix eta Goiz Argi egongo dira aurrez aurre.
Ordu bat beranduago, 17:15ak aldera, ligilako finala jokatuko dute IOB H.K.eta Viña del Mar taldeek.
Final handia baino lehen, Ostadarrek Auzolan eta Kirolari Onena sariak emango dizkiete Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei eta Santos Uribe atleta beteranoari.
Eta, 18:30ean, hasiko da Izkiña eta ISU Leihoak taldeen arteko norgehiagoka. Partida interesgarria eta gogorra ikusi ahalko da ziurrenik, ISUk txapela defendatzen baitu.
Partida bukatzean, trofeo banaketa egingo da. Irabazleek txapela eta ikurriña haien eskutan izan baino lehen, antolakuntzak hainbat sari emango ditu, esate baterako, finaleko jokalari onenari, txapelketako atezain onenari edo talde garbienari.
Tabernak ordu bete gehiago zabalik
Ostadar K. F.ko arduradunek jakin arazi nahi dute, herriko areto futboleko finalak direla eta, Udalak baimenduta, herriko tabernak gauez ordu bete gehiago irekita egongo direla. Aukera ederra beraz, partehartzaile eta jarraitzaileak ondo pasatzeko.