Orain dela aste batzuk Lasarte-Oria Bizirik taldeko kideok alkate berriarekin biltzeko aukera izan genuen atez ateko sistemari buruz hitz egiteko. Erraustegiaren eraikuntza gainean dugula, herrian eta Gipuzkoa osoan zabor kudeaketa lehenetsi beharko litzakeela deritzogu. Alkateak hondakin kudeaketa ezberdinei buruz gutxi dakienaren irudipenarekin atera ginen bileratik, kalean aditzen diren zurrumurruak eta funtsik gabeko mito berdinak esaten zituelako eta atez atekoaren bitartez zabor bilketa hiri handietan ere egiten dela ez zekielako.
Gure osasuna eta bertoko ekonomia kolokan egonda ez dugu ulertzen gure udalaren immobilismoa. Are gutxiago udalbatzak, osoko bilkura batean, atez ateko sistema ezartzeko hartutako erabakia bertan behera uztea, "batzuek" hala eskatuta. Zeintzuk eskatuta? Tristea litzateke erabakia zurrumurruetan, ezjakintasunean edo politikakerian oinarrituta hartzea.
Objetiboki begiratuta erraustegia saihesteko erarik hoberena zabor gutxiago ekoiztea eta ekoizten duguna ahal den neurri handienean birziklatzea da. Horretan atez ateko sistemek, datuak mahai gainean, behin eta berriz eraginkorrenak direla demostratu egin dute -ez Usurbilen bakarrik, baizik eta munduan zehar egiten diren jarduera ugarietan ere-. Bosgarren edukiontziak, egun, erraustegia beharrezkoa egingo luke askoz organiko gutxiago jasotzen delako eta beste materialen birziklapena hobetzen saiatzen ez delako.
Jesus, herri honek ez du erraustegirik nahi. Nola esan behar dugu? Ez dira nahikoak 8.000 sinadurak? Ez al da nahikoa herriak egin zuen manifestazio erraldoia? Ez al da nahikoa udalak egindako inkestaren emaitzetan %81,5ak erraustegia zubietan ez dugula nahi agertzea eta % 48,5ak ez dugula nahi ez Zubietan eta ez inon? Zerbait egin beharko duzue ezta? Ez dezagun gure burua engainatu: ondo eta eraginkortasunez birziklatzen dugu edo erraustegia daukagu. Ezin da esan ez dugula erraustegia nahi eta gero beharrezkoa egin. Hautatu egin behar da, ez dago erdiko biderik. Eta faborez, Jesus, erabakia hartzeko ziurtasunik ez baduzue, informazio gehiago behar baduzue, moratoriarekin bat egin, lasaitasunez irtenbide arduratsuena aukera dezazuen. Egin dezagun atez atekoa eta beste erremediorik ez balego, beti egongo litzateke inork nahi ez duen mamu kutsatzaile hori eraikitzeko denbora.
Lasarte-Oria Bizirik!