Ostadarrekoak Zegama-Aizkorri proban

Txintxarri 2010eko maiatzaren 24a

Hotza, euria eta lokatza nagusi izan ziren maiatzaren 16an burutu zen IX. Zegama-Aizkorri mendi maratoiean. 500 korrikalarik parte hartu zuten eta herriko ordezkariak ere egon ziren, Ostadar taldeko lau kide.

Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia proba gogorra dela ezin ukatu. Aurten, gainera, elurrari, hotzari, euriari eta lokatzari aurre egin behar izan diete lasterketa honetan parte hartu duten 500 korrikalariek.
Partehartzaile horietako batzuk, gainera, Ostadarreko atletismo saileko kideak ziren, Julen Ollokiegi, Gorka Lasa, Mikel Izagirre eta Iñaki Sudupe, hain zuzen ere.
Eguraldi kaxkarra egin zuen arren, jende ugari bildu zen ibilbide osoan zehar korrikalariak animatu eta giroa berotzeko.

Sailkapena

Faboritoek irabazi zuten 42,195 km-ko mendi proba. Gizonezko mailan, Kilian Jornetek 3 ordu 56 minutu eta 30 segunduko lasterketa egin zuen eta emakumezkoetan,aldiz, Emmanuela Brizziok 4:47:51 marka.
Ostadarrreko atletei dagokionez, sailkapenean lehena, Julen Ollokiegi izan zen 5:27:07 denborarekin, Gorka Lasa 5:41:21-an iritsi zen helmugara, 5:48:02 izan zen Mikel Izagirreren marka eta Iñaki Sudupek 6 ordu egin zituen lasterka.