Larunbateko ikuskizunarekin oso pozik daude irakasleak. "Lan asko egin dugu prestatzeko, ondo zuzenduta ere egon daiteke baina gero oholtzara ateratzen direnek dute beren erantzukizuna, eta oso ondo egin zuten bere lana, ez zen arazorik izan, denak atera ziren atera behar zutenean, denak egon ziren egon behar zuten tokian".
Maiderrek azaldu digu orain gutxi arte Antzerki Eskolan barrenean zirela, baina dantza ari dela bere tokia hartzen. "Orain dela bizpahiru urte hasi ginen dantza guztiak egun berean egiten, funtzionatu egin zuen, asmatu egin dugu. Orain dantzak badauka bere eguna eta bere tartea. Ordura arte antzerkiarekin ondoren egiten genuen".
Emanaldian hamar taldek dantza egin zuten, baina Eskola hori baino gehiago da, orain arte soilik dantza garaikidea erakusten zuten, baina aurten Eskolak euskal dantzak ere erakusten dizkie haur txikiei. Junkal Perez eta Oihana Pozueta ari dira horretan.
Dantzak berritzen
Lehen Hezkuntzako laugarren eta bosgarren mailan Maider Oiartzabalek euskal dantzak eta garaikidea uztartzen ditu: "Hau esateak beldurra ematen dit, garaikidean formakuntzarik ez baitute jasotzen, betiko dantzak ikasten dituzte eta berritu egiten ditugu, gaurkotu eta erakargarriagoak egin, baina beti oinarrian tradizionala mantenduz, transmisioa mantendu nahi dugulako".
Berrikuntzak egin eta koreografiak sortzen dituzte, zeharo ezberdinak egitura eta espazio aldetik, "garaikidearen zenbait elementu erabiltzen ditugu, esanguratsuena espazioa, baina ezin esan garaikidea egiten dugunik. Orain arte bi ilara eta borobilak erabili badira, horrekin puskatu eta jolasten dugu".
Dena den Maider Oiartzabalek buruan du "polita litzatekeela euskal dantzekin txikitatik hasi eta bide bat egitea helduetaraino. Egia da, DBHn garaikidea egiteko aukera daukatela, batzuk deseatzen daudela baina agian norbaitek jarraitu nahi du tradizionala egiten eta aukera hori ere eman behar zaie".
Irakasleek adierazi digutenez sormen lanean irakasle eta dantzariek elkarlanean hartzen dute parte. Amaia eta Maider saiatzen dira dantzarien ideiak gauzatzen nahiz eta gero euren irizpideak izan eta oholtzara zer eraman erabaki: "Azken finean beraiena dela sentitu behar dute. Barneratzen ez badute ezingo dute defenditu oholtza gainean".
Helduen taldeak aurten eurek sortu dute dantza eta Junkal Perezen ustez hori izan da politena, "guk asmatu eta sortzea. Gainera horrek lana errazten du. Irakasleak agintzen badizu, agian zaila egiten zaigu memorizatzen, baina zuk asmatzen baduzu errazagoa da, eta gustura ibili gara".
Dantza eskolan gehienak emakumezkoak dira, helduen taldean denak. Amaia Navascuesen ustez, hezkuntza kontua da eta garaiak aldatuz doazenez, "mutilak ere poliki poliki ari dira etortzen". Haurren taldetan badira mutilak, eta DBHn jarraitzeko asmoa dute. Maiderrek dioenez dantza "mutilentzako erakargarria egin behar da, eskaintzen dugunaren arabera etorriko dira, normalean mutilek eta neskek energia ezberdina izaten dute eta".
Baleta ala kirola hurbilago?
Amaiak oztopo bat ikusten du, dantza garaikidea oraindik baletarekin alderatzen dela alegia: "baina dantza garaikidea kiroletik hurbilago dago baletetik baino, oso fisikoa da, salto egin behar da,... eta nik uste ikusten eta ezagutzen duten heinean sartuko direla".
Eskolaren helburua hori ez bada ere irakasleek uste dute Lasarte-Orian atera daitekeela dantzariren bat. Maiderrek azaldu digunez, "azken finean, ikasle garaian daude gehienak eta aukera daukate antzerkia eta dantza frogatzeko. Geroago nahi badute izango dute kanpora ikastera joateko aukera".
Eskolak bere kantua estreinatu zuen Dantzaz Blai ikuskizunean. Alain Espadasek egin du musika eta Maider Oiartzabalek "entzun bezain pronto" pentsatu zuen egokia zela eskolarentzat. Berak egin zuen letra eta gero hainbat adiskideren laguntza izan dute, Makulu Ken taldeko Xabi Herrera eta Iñigo Suberbiola, Esne Beltza taldeko Jon Tronbon, Unai Muñoa, Emilio Encinas,... "Giro jatorrean, lagunartean, egin dugu eta pozik gaude. Herrikoek parte hartzea polita izan da".
Abestiak errealitatea islatzen duela dio Maiderrek, “horixe da egiten duguna, dantza eta antzerkia erakusten ditugu, euskaraz, eta denetarik egiten dugu, irekiak gara eta ez dugu mugarik". Kantatzeko eta dantzatzeko erraza da abestia. Ostiraleko desfilean berriro dantzatu eta kantatu zuten.