BAzpi taldean ari zara, zer moduz Lasarte-Oriara itzulera?
Ondo, egia esan oso gustura nago, iaz ere gustura egon nintzen baina aurten batez ere prestaketa aldetik denboraldia askoz landuago daramagu. Iazkoa ez dut esango hobbia zenik, asko entrenatzen genuen, baina aurten nabaritzen da askoz espezializatuagoa dela dena, Ramonen eragina argia da, oso ondo doakigu oraingoz eta ea horrela jarraitzen dugun. Herriko taldean oso gustura nabil.
Zer moduz Jose Ramon Unanue prestatzailearekin? Nolakoa da?
Hasieran esan zidaten Ramoni gezurrik ez esateko, “gaizki sentitzen bazara esan gaizki sentitzen zarela, baina inoiz ez esan gezurrik” eta egia da, berak txirrindulariak asko maitatzen ditu, etxera deitzen digu, oso ondo tratatzen gaitu... Ramon oso gertukoa da, berarekin txirrindularitzaz aparte beste gai batzuetaz ere lasai asko hitz-egin dezakezu. Pertsona oso ona da eta daukan entrenamendu sistema Gipuzkoako onenetarikoa seguru. Bere eskutatik txirrindulari handi asko pasa dira, Euskaltel taldeko ikuskatzailea izan zen eta nabari da esperientzia handiko gizona dela. Suerte izugarria dugu berarekin entrenatzeko aukera daukagulako.
Asko egoten da gainean, ez al da apur bat gogorra?
Zorrotza bada, bai, baina aldi berean oso ulerkorra da, badaki zer dagoen, badaki txirrindulariak nola sentitzen diren momentu bakoitzean, zer falta duten edo zer erantsi dezakeen berak guk maximoa emateko eta beti lortzen du; motibazio aldetik, psikologikoki, asko laguntzen duen gizona da.
Zuk aparte ikasi eta musika ere jotzen duzu? Nondik ateratzen duzu denbora?
Musika jo,... musika hobi bezala daukat. Ikasketak, aldiz, serio hartu beharreko gauza dira, txirrindularitzaz aparte badaude ikasketak bezalako gauza garrantzitsuagoak eta Ramonek badaki hori, ezetz dirudien arren, eta jai egunak juxtu azterketak ditugunean hartzen ditugu. Berak esaten digu, “gustatuko litzaidake kilometrotxo batzuk egingo bazenituzte, baina ezin bada, ezin da”, berak badaki lehentasuna azterketek dutela eta ikasteko ez dugu arazorik. Gogorra da ikasketekin batera txirrindularitza eramatea, ikasketak, neska, ziklismoa, musika,... dena batera ezin da, ondo antolatu beharra dago denbora: azkenean zuretzako denbora gutxi gelditzen da, baina gutxi daukazunean nire ustez gehiago aprobetxatzen da. Niri denetik egitea gustatzen zait eta arratsalde polita bada, ze hobe txirrinduan ibiltzea baino, ez zait besterik burutik pasatzen.
Zenbat entrenatzen duzu?
Ramonek jartzen dizkigun entrenamendu eta atsedenen arabera, baina normalean, ez dut esango egunero, baina astean sei egunetan bai eta zazpigarrenean karrera.
Bost zarete taldean eta bostak ondo zabiltzate...
Oso talde ona daukagu, oso lehiakorra, maila handikoa. Berezkoa badaukagu agian baina aurten Ramonekin nabari da izugarrizko aldaketa. Iaz ez ginen txarrak, baina aurten hobeak gara.
Podiumean izan zara jada...
Mendiko kriterium-a bi eguneko proba izan zen, Lazkao eta Legorretako probak elkartuz; hamar lehenengoen puntuak batuta gehien zituenak irabazten zuen. Ni lehenengo egunean bigarren gelditu nintzen eta bigarren egunean 15., baina batuta hirugarren postua eman zidaten. Gustura sentitu nintzen batez ere lehenengo egunean. Bukaera. Lazkao Mendin, gogorra zen, eta gustatzen zaizkit pikoak eta motzak diren aldapak kaina sartzeko, ondo moldatzen naiz hor, aukera aukerakoa neukan eta pena bigarren egin izana. Asko ibiltzen den Bergarako Mikel Aristik ihes egin zidan. Dena den, pozik nago eta ekipoari eskerrak eman behar dizkiot, niretzako lan egin zutelako, nik beste batzuetan beraientzako egin dudan bezala. Baina, talde bat gara eta horrela da. Emaitzak daukagun giroaren adierazle dira. Aste honetan bertan, Gipuzkoako txapelketan Usurbilgo Peñagarikano hirugarren izan da, ni bosgarren eta Aginako Eñaut Pagola seigarren. Honek erakusten du beti punta puntan gaudela eta oso ekipo lehiakorra daukagula.
Jubenil mailan zaude, gerora ikusten al duzu zure buruatxirrindulari?
Panorama oso zaila dago, profesional maila aipatu gabe ere. Afizionatuetan lau talde bakarrik daude Gipuzkoan eta nik ez dut ikusten orain seguru ekiporen batean jarraitzeko aukera izango dudanik. Emaitzen arabera izango da, agian bai, baina nik uste dagoen zaletasunarentzat eta eskariarentzat ez dagoela nahikoa talde. Profesional maila jada oso urruti gelditzen da, hor jada beste faktore asko sartzen dira. Ez dut esango ezinezkoa denik, beste batzuek lortu badute, zergatik ez?, ilusioa beti hor egongo da, borrokatuko dugu horretarako ahal den neurrian, dena aparte utzi gabe, agian azken urtean, salto egiteko aukera baldin badaukazu, ikasketak urte bat utzi, apustua serio egin eta iritsi zaitezke profesionala izatera, baina bitartean nik uste askoz ere hobeto dela denetik egitea, eta profesionaletara pasatzeko aukera sortzen bada ongi etorri eta bestela segituko dugu bizikletaz gozatzen, ez da ezer pasatzen.
Ona dena ona izango da baina jada afizionatuetara saltoa zaila ikusten dut. Dena den nik uste zerbait aterako dela eta ekiporen batean edukiko dugula lekua denok.
Iban Maioz jarraitzen al duzu Giroan?
Berrian egunero irakurtzen dut bere iritzia, asko gustatu zait, Giroko gorabeherak kontatzen ditu, taldekideak, esperientziak, antolakuntza, etapen gogortasuna, errekuperatzeko dituen zailtasunak,... Ez dut pertsonalki ezagutzen baina gustatuko litzaidake ezagutzea, egunen batean berarekin elkartzea, hitz-egiteko edo entrenatzera joateko.
Nola ikusten duzu aurten?
Oso ondo, sailkapenean aurrean da (25. aurreko astean) eta ia 200 ateratzen dira, ez da makala. Badirudi gustura dela Footon Servetton, zailtasunak izan zituen ekipoa aurkitzeko, afizionatuetan zaila bada, profesionaletan zailagoa; bere aukera eta lekua topatu zuen eta nire ustez merezi du horrelako tipo saiatu batek. Gustatuko litzaidake noizbait bera dagoen tokian egotea. Begira zer esaten ari naizen, eh? Aukera edukitzeagatik bakarrik...