“Meritu handia du ikasi eta gorengo mailara iristen den txirrindulariak”

jon-altuna 2010eko maiatzaren 24a

Joxe Ramon Unanuek prestatzen ditu BAzpi Txirrindulari Eskolako jubenil eta infantil mailako mutilak. Bera atletismoan aritu zen, pisu jaurtiketan, (orain dardoak jaurtitzen ditu) eta gerora eskubaloian, herri kiroletan, txirrindularitzan eta futbolean kirolariak prestatzen. Berarekin ibili dira noizbait, besteak beste, Xabier Carbayeda, Aimar Zubeldia, Iban Maioz, Zarrabeitia anaiak eta Orbea taldeko beste dozena bat txirrindulari, Xabier Mikel Rekondo, Goenatxo, Izeta, Ostolaza... Aurten, Lasarte-Oria eta Usurbilgo txirrindulari gaztetxoekin hasi da berriro: abenduan eskatu zioten eta buru belarri sartu da. Taldeak ateak zabalik ditu nahi duenarentzat, "Buruntzazpin ongi etorriak izango dira" esan digu Joxe Ramon Unanuek.

Zer moduz ikusten dituzu, ba al dator etorkizuneko txirrindularirik?
Txirrindulari talde oso ona daukagu, baina entrenatzeko orduan maila ezberdinak daude: Eskolan asko ikasi eta dena gainditzen duenak, maila altukoak, gutxi entrenatzen du eta ezin ezer exijitu. Badaude estudiatu eta gainditzen dutenak baina maila politean entrenatzen direnak eta beste talde bat dira estudiatzen ez dutenak, inporta ez zaienak, orduan haiekin goiz eta arratsalde entrenatzen duzu, eliteko entrenamenduak egiten ditugu horiekin. Ikasi nahi dutenak hainbesterainoko txirrindulariak ez dira egiten.

Zenbat orduko entrenamendua behar du txirrindulari gaztetxo batek egunean?
Jubenil batek hiru bat ordu behar ditu. Beste kontu bat da entrenamenduak gogorrak diren ala ez. Hori bai, norbaitekin, hasi eta buka, egin behar banu, goizeko 9:30etan hasi, 13:00 arte entrenatu eta arratsaldean hasi 16:30etan eta19:00 arte, orduan aterako nioke duen zuku guztia.

Kirolarien prestatzaile pertsonala izan zinenean, horrela lan egiten al zenuen?
Bai. Elitera iristen direnak, iristen dira entrenatzeko orduak dauzkatelako. Besteetan defizit handia sortzen da, eta mutilak adin batera iristean utzi egiten du. Gogorra egiten delako, estudiatu, aprobatu eta entrenatzea. Meritu handia daukate, estudioak egin eta profesionaletara ailegatzen direnek. Iristea badago, baina sakrifizio handia da.

Gauza asko utzi behar, ezta?
Bai, baldin bazaude entrenamendu eta atsedenerako soilik, badaukazu neskatara joatea ere, baina, ez estudiatu, etxeko ariketak egin, partikularren batera joan, eta gero gainera emaitza onak atera nahi badituzu txirrinduan,...

BAzpiko infantil eta jubenilak entrenatzen dituzu, soilik kirol hau egiten al dute?
Bai, baina nire prestaketan atletismoko ariketak ere agintzen dizkiet.

Txirrindularitzan zaletasun handia daukatenak dira, beraz...
Bai eta normalean eurek erabakitzen dute. Aitak aukeratzen badu txirrindua, ez da ona.

Hasteko zein adin da ona?
9-10 urte. Ikasteko bizikleta zer den, kanbioak manejatzen, kurbak ondo hartzen, pelotoian nola ibili, beldurrak kendu, ... .Pelotoian joan eta karrera bat bukatzeak berak meritu handia du eta txikitatik ohituta ez dagoenak defizit handia izaten du.

Zu zeu ibili al zinen bizikletan?
Ez nik atletismoa egin nuen, pisu jaurtitzailea nintzen. Atletismoko entrenadore titulua atera nuen eta txirrindu munduan 1981ean hasi nintzen Xabier Carbayedarekin. Txirrindulari profesionalak, minen bat izan dutenean etorri dira niregana normalean, forman jartzeko.Ordura arte eskubaloiko prestatzaile fisikoa nintzen. Garai batean Usurbilgo futbol taldea ere martxan jarri nuen.

Txirrindulariei atletismoko ariketak agintzen dizkiezu?
Bai eta jubeniletatik aurrera pisuak ere bai. Dena landu beharra dago. Aldapa gora zoazenean eskuak manillerrean dituzu, ipurdia eserlekuan, eta hankak pedalean. Beraz hiru tokitan egin behar da indarra, gerrian, eskuetan eta hanketan. Abdominalak indartsu eduki behar dira.

Zer nolako emaitzak lortzen ari zarete?
Hasitakoan ezin zaie begiratu emaitzei, baina suerte ona izan dugu: iaz hasi eta geneukan txirrindulari bakarra, Eñaut Pagola; bost aurrenekotan sartu zen pare bat aldiz, hamar lehenengoetan dozena bat aldiz eta hogei lehenengoetan ia beti. Gainera Irlandan egon zen ingelesa ikasten 15 egun, urteko garairik onenean. Beste mutilak Donostian zeuden, baina, Eñauten lagunak direnez etorri egin dira. Batek bi bigarren postu egin ditu, bost aurrenekoetan ere sartu dira, lau ia beti. Espero dut Gipuzkoako itzulirako talde bezala prestatzea. Azken karreran ere taldeka lehenengoak izan ziren. Emaitza politak dira eta oso gustura gaude. Eta zaila da, honelako mutil koskorrak ondo ibiltzen baldin badira, denak beraiei zaintzen jartzen direlako. Beste batek alde egiten badu, denak zuri begira gelditzen dira ea noiz joango zaren haren bila. Gogorra da hori.
Txarrenak aitak dira, denek uste dute Indurain dutela etxean eta esaten diote, “zuk ez tira, zu atzean”. Taldeko inor ez bada aurrean sartu, eta inork ez badu tiratzen, gu hemen eta besteak martxa... Nola egin behar da haiek harrapatzeko? Batzuetan, derrigorrez, salto egin eta tira egin behar da. Edozein kiroletan bezala batak besteari lagunduz. Ajedrezean bezala da. Jokatzean fitxak ondoen kokatuta dauzkanak eramango du saria.

Zenbaterainoko garrantzia du entrenamenduak?
Dena. Une honetan, txikiak hiru egunez entrenatzen dira astean astelehena, asteazkena eta ostirala, eta larunbat arratsaldean karrera, infantilak 14-15 urtekoak bataz beste 15 kilometroko ibilbidea , eta benjaminek 12-13 urtekoek, motzagoa, 8 kilometrokoa, bueltaka industrialdearen batean.
Kadeteek jada egunero entrenatzen hasi behar dute, ordu bete, bi ordu, egunero. Jubenilek ere bai, eta hauek, azken urtean, karrera bat edo bi badituzte astean, eta bost egun badituzte entrenatzeko, onena da, zazpi edo zortzi entrenamendu egitea, bi egunetan goizean 80-100 kilometro egin eta arratsaldean serieak. Horiek ateratzen dira mundialista edota Euskal Herriko onenak.

Dieta zaintzen al dute?
Bai. Ahal dela baztertu behar dira gizentzen dutenak, txokolatea, maionesa eta saltsak,... ondo sartzen dira baina txirrindulari batek gorputzean kilo bat gehiago izateak dakar aldapa bat ez igotzea eta atzean geratzea. Kiloak kontrolatuak baldin badauzkazu errazago pasatzen zara. Gainontzean atzean geratzen zara besteen ipurdiei begira.

Zu aritzen al zara dieta kontrolatzen?
Aurrena frijitu guztiak debekatzen dizkiet. Arrai eta haragia plantxan edo egosita, entsalada eta berdurak, makarroiak eta karrera bezperatan karbohidrato asko eta grasa gutxi duen dieta. Negu partean koipe gehixeago jatea badago. Eta edateko, freskagarririk ez. Debekatuta. Negu partean, griperik ez hartzeko, laranja kolorea duten pilulak hartzen dituzte, ur basoan nahastuta.

Bitaminak dira?
Bai. Laranjarekin eginak daude, laranja zaporea dute. Gainontzean etxeko ordutegi eta elikadura normala, baina frijituekin pasa gabe. Porru-patata, babarrun,... a tope. Baina ez garai batean bezala, babarrunak, odolki, hirugiharra, saiheskia,... eta abarrekin.

Zintzoak al dira?
Bai, beno, taldean daudenean bihurrikeriaren bat egiten dute, bakarrik daudenean ez...

Zintzoak esan nahi nuen jatekoarekin?
Bai, bestela nabarmentzen da zeintzuk dituzten ipurdiak. Nik atzetik begiratuta badakit zein dagoen gizenagoa. Mutil batekin entrenatzen ari bazara laupabost hilabetean, ikusi hutsarekin nabarmentzen diozu noiz gizentzen den, bistarekin bakarrik, nik behinik behin.

Pentsatzen dut osasunari asko begiratuko diozuela...
Urtearen hasieran esfortzu test bat eta analitikoa egiten ditugu, eta urtean zehar, interesatzen bazaigu beste test bat. Urtea aurreko urtekoa hobetuta hasi behar dugu.
Beste test batzuk egiten ditugu, aldapan eta ordekan . Mejoratzen ez baldin badira kontu txarra.

Lehiakortasun eta osasunaren artean ba al da lehia edo arriskurik?
Ez. Zerbait gertatuz gero, mutilak eduki beharko du medikoak antzeman ez dioen akats genetikoren bat, ez orain, baizik eta jaiotzatik. Zerbait gertatzen denean inork bilatu ez dion okerren bat duelako izaten da.
Eta arriskurik handiena, Orioko gainetik azkar jaisten kurba etorri eta kurba hartzeko erreflexurik ez izatean dago. Edo askotan ez da zure eskutan, bidean autoak zu pasatzeko neurriak errespetatzen ez dituenean. Baina uste baino gutxiago dira horrelako kasuak.

Eta psikologiak zer nolako garrantzia du txirrindularitzan?
Dena. Nahiz eta zu fisikoki prestatuta egon, ez bazaude psikologikoki prest, ehuneko 30a galtzen duzu.

Prestaketa plangintzak nondik atera dituzu?
6-7 urterekin hasi eta 22 urtera arteko plangintza da, bidean geratzen dena hor geratuko da. Caja Rural eta Orbeak talde profesionala eduki zuenean, txirrindulari holandarrak etorri ziren eta haiekin prestatzaile holandarrak. Gauza asko ikasi nituen. Bai ziklo kroserako eta baita txirrindularitzarako. Eta ikastaroak ere egin ditut.

Neguan barruan entrenatzen al duzue, rodilloan?
Bai, neguan gimnasiora joaten gara: han 15-20 minutuko beroketa, luzamenduak,.. gerrialde eta bizkarraldeak berotu, gero footing-a beste 15-20 minutu eta arrabola (rodilloa), beste 15-20 minutu, ondoren gimnasia gehiago, luzamenduak,... Motoan edo autoan atzean jarrita entrenatzea ere beharrezkoa da, gero lasterketetako erritmora ohitzeko. Bakarrik joanda ez da posible 45-50 kilometro orduko hartu eta bi orduko entrenamendua egitea.

Entrenamendu serioa da hori...
Bestela ez dago aurreratzerik. Denek esaten dute ze txirrindularia den mutil hau edo hori, baina txirrindulariak paper txuri bat dira eta guk dauzkagu margo eta pintzelak, guk egin behar ditugu horiek.

Zaletasunik ba al da inguru honetan?
Bai. Hutsunea izan zen, eten egin zen taldea hemen, eta ondorioz zaletasuna jaitsi. Eta bertako mutilak kanpora joaten zirelako hasi gara, Donostia eta Andoainen ari ziren. Lasarte-Oriako Udalak esan bai baina ez du asko laguntzen, Usurbilek bai. Ez badute laguntzen ez dago ezer egiterik. Gastuak gure patrikatik ez ordaintzea besterik ez dugu eskatzen.

Zuk zein zaletasun dituzula txirrindularitzaz gain?
Kirol guztiak. Orain, emakumezko harri-jasotzaile bat ere entrenatzen ari naiz Orion, Idoia Etxeberria, Gipuzkoako onenetarikoa da, eta aurretik entrenatu ditut Goenatxo, Izeta, Ostolaza,...

Beraz Battis Kortajarenak bezala?
Bai Zizurkilen bizi da. Atletismoa nirekin egin zuen. Biak ginen pisu jaurtitzaileak At. San Sebastianen. Nik atletismoa beste kiroletan aplikatu dudan bezala, berak halterofilia eta atletismoa aplikatu ditu.

Kirolak, oro har, guztiak segituko dituzu, ezta?

Seme bat eskubaloian aritzen da Iruñean, Anaitasunan. Beste semea dardoak botatzen Europako txapelduna da. Bi aldiz izan da Europako txapeldun eta orain Japonen izan da munduko txapelketan. Lasartera asko joaten da lehiatzera...

Dardoak? Hori kirola al da?
Ez, zazpi eta zortzi ordu entrenatzea ez al da kirola?

Eta lagundu al diozu zuk?
Ez berak ni, nire gerriarekin (mokorra gastatuta du eta protesia jarrita) utzita nuen jada kirola. Berak ikusi zuen entrenatu bai, baina nire buruari ez niola erronkarik jartzen, eta diana bat oparitu zidan. Aritzen naiz.
Ni ikusita zaletu dira kirolean, zer ikusten den... Arratsaldero, eguna joan eta etorri, 15:30etatik 21:00etara umeak entrenatzen aritzen nintzen eta eskola bukatu eta gero etortzen ziren. Etxean umeek zer ikusten duten, hori egiten dute.

Dopinak min handia egin dio txirrindularitzari, ezta?
Bai.

Eta emango al dio buelta?
Ez, diru asko dago eta jokoan. Baina ez bakarrik txirrinduan, denean baizik. Hasi arraunetik, pilotan, ... Hori izaten da nahi duzulako maila batera igo eta daramatzazun entrenamenduarekin ez duzulako itxaron nahi zure txanda etorri arte. Besteak pasa nahi dituzu, 19 urterekin ehunetik 90ean bazaude nahi duzu ehunetik ehunera azkar iritsi.

Beraz, entrenatuz lortu daiteke, baina denbora gehiago behar da...
Badago profesionaletara igotzea garbi. Beste gauza bat da gero zer egiten den. Inguruan beti daude eskrupulu edo ardura gabekoak. Logikoa ez dena, 15-18 urte arteko mutilek positibo ematea da.
Nire ustez edo denak libre edo inork ere ez. Gaizki dago txirrindulariek eurek eta taldeek antolatzea federazioa, azeria oilategia kontu egiten jartzea da hori. Oiloa falta denean zeini botako dio kulpa azeriak. Beraiek jartzen dituzte arauak eta mugak, noraino den positibo eta noraino ez. Atzetik COI dago eta arau zorrotzagoak ditu, eta harrapatu egiten dituzte.
Gaur egun oso erraza izan beharko luke zure gorputzak produzitzen ez duen zerbait gorputzean antzematea. Ez dute nahi edo diru asko behar da agian, baina nahi izanez gero dena dute harrapatzea. Ikuskizun handiagoa nahi dute, abiada handiagoa, bataz besteko handiagoak, ... beraz begiak ixten dituzte eta gauza batzuk onartu, agian talde batean bat edo beste zigortu eta besteei utzi. Bestela ez dago erritmo horretara hainbeste kilometro ibiltzerik.