Igoeraren eta koparen bila

Txintxarri Aldizkaria 2010eko maiatzaren 27a

Ostadarreko erregional taldeak lehengo larunbatean igoera eskura izateko aukera paregabea galdu zuen Zumaian.
Nahiz eta ongi jokatu, Joxean Beldarrainen mutilek 2 eta 1 galdu zuten Zumaiakoren aurka eta etxean irabazi behar dute aste honetan igoera ziurtatzeko. Zail izango dute, Zumaiakoren defentsa ongi baitabil, baina Ostadarrekoek ez dute amore ematen.
Horregatik, Ostadarrek deialdia egiten die herritarrei larunbatean arratsaldeko 17:00etan, Michelingo zelaira hurbildu eta Erregionaleko taldeari animoak emateko.

Texas Lasartearra finalean

Bestalde, Texas Lasartearraren erregionaleko mutilek finalerako txartela lortu zuten, lehengo larunbatean, Michelinen Dunboari 3 eta 1 garaituaz.
Eta larunbata honetan, 15:30ean, Oiartzungo Karla Lekuona zelaian Mariñoren aurka jolastiko du finala.