Maiatza badoa. Uda iristear da. Eta hementxe gaude ikasle gehienak, liburutegi bateko zoko batean denbora ia ulertezinak suertatzen zaizkigun apunte batzuen aurrean galtzen. Gaurkoan idaztera noana, estres momentu batetako errebelazio pertsonal baten moduan ulertu behar dela abisatu beharrean nahiz.
Selektibitateko eta unibertsitateko ikasleak, EGA atera berri dutenak… agian, guztiz interesgarri zaizkigun kontzeptuak era sistematiko eta robotiko batean ikastera beharturik ikusten dugu gure burua, buruan hartu, eta azterketa egunean dena botatzeko. Eta hemen arazoa: gure garapen pertsonalerako onuragarri beharko lukeenarekiko errepultsa da ikasketa sistema honen bidez soilik lortzen dena. Kontzeptuak ez ditugu barneratuko, gustuz hartuak ez baitira izan, ezinezko baita sistema honen bitartez era natural batean benetako ikasketa prozesua ahalbideratzea.
Urte osoko lana paper zati baten gainean soilik islatzean datza gure egitekoak. Axolarik ez nerbioek, presioak, momentuko letra txarrak, fetxa ahaztuak edota XVII. mendeko Frantziako margolari putakume haren izena gogoratu ezinak. Memorizatzeko gaitasuna duenarentzat bikaina; gainerantzekoak, ordea, zulora.
Inongo zentzurik gabeko hezkuntza sistema bat bultzatzen dutenentzat gaurkoan nire testua. Bolonia prozesuaren bidez hau betikotu eta pribatizatu nahi duten guztientzat. Irakasle inkonpetenteentzat. Fakultatera noa oraintxe, ate aurrean kaka egitera eta emandakoa zabaltzera.