Dantzari Txiki eguna igandean da

Txintxarri 2010eko maiatzaren 28a

Urtero legez, herriko kaleak musikaz eta dantzaz beteko dira igandean, Erketz Dantza Taldeak antolatutako Dantzari Txiki egunari esker.
Bost izango dira aurten parte hartuko duten taldeak. Erketz txiki eta Landaberri ikastolako dantza taldeez gain, Sestaoko Salleko, Errenteriako Ereintza eta Faltzeseko Makaila taldeak ikusiko ditugu goizean kaleetan dantza egiten.

Desfilea eta saioa

Erketzeko antolatzaileek azaldu digutenez, talde guztiek goizeko 10:30ean dute hitzordua Andatza plazan.
Eta hamaiketakoa hartu ostean, hasiko da desfilea. Lau ibilbide egongo dira, batetik Sasoeta auzo inguruan egingo dena; bestetik, Atsobakar aldekoa; hirugarren ibilbideak Zumaburu aldera egingo du eta laugarrenak, erdialdera.
Etxeetara joan, bapo bazkaldu eta, 17:00etan, Andatza plazan eskainiko dute saioa talde guztiek, “bakoitzak 10 minutukoa gutxi gorabehera”.
Eguraldi txarra eginez gero, ekitaldi guztiak Michelingo Kirol guneko frontoian egingo liratekeela jakin arazten dute antolatzaileek.