Antzerki Astean parte hartzen duzun lehenengo aldia da?
Aurreko urteetan bideoak sartzen ibili naiz, baita emanaldien grabaketak egiten, eta gero muntaiaz arduratu naiz. Baina talde baten kide bezala aurten da lehenengo aldia.
Eta nolatan sartu zinen proiektu honetan?
Talde honen kideekin harremana nuen. Talde aktiboa da, beti esperientzien bila.
Laguntzen hasi nintzen bideo motz batzuk grabatzen. Laburmetraia egitea proposatu zidaten eta pentsatu gabe proiektuan murgildu nintzen.
Grabaketaz aparte, taldean ere parte hartu duzu?
Hasieratik taldekide guztiak egin dugu elkarrekin lana: argumentua, istorioaren nondik-norakoak, gidoiaren idazketa...
Astean behin elkartu gara eta benetan, esperientzia zoragarria izan da.
Lan ikaragarria egin dugu eta guztion artean gainera: atrezzoa, materiala, grabatzeko lekuen bila. Guztia denen artean egin dugu.
Nolakoa izan da talde amateur batekin lan egitea?
Profesionalen antzera jokatu eta lan egiten dute. Nahiz eta medioa ez menperatu, ilusio handiz egin dugu lan eta hori grabaketan eta emaitzan argi geratu da.
Nolakoa izan da esperientzia?
Oso ona. Telebistan ibili naiz, eta laburmetraiak telebistaren eragina du. Produktu oso berezia da. Azken finean, antzerki grabatua da.
Oso dibertigarria izan da. Talde honekin lan egitea gozamena izan da. Oso ondo pasa dugu nahiz grabaketak gogorrak izan diren.
Editatzen nengoen bitartean ere barreari ezin eutsi ibili naiz. Oso momentu onak pasa ditugu elkarrekin.
Gainera, taldekideak ideia-makinak dira. Beti bururatzen zitzaizkien gauza berriak. Tamalez, askotan teknikoki ezin izan dira burutu eta nik “borroka” hori izan dut haie azaltzen. Askotan ez direla oso konbentzituta gelditu uste dut.
Taldeko kide berria izanik, kasu egin al dizute?
Egia esan... hasierako grabaketetan bukaerakoetan baino gehiago!! (kar,kar) Egunak pasa ahala konfiantza gehiago hartu zuten. Lehendik ezagutzen ginen, herrikoak ginelako. Elkarrekiko harremanak asko sendotu dira.
Asko aurreratu ez arren... zerbait kontatzerik?
Amona koadrila batek eginkizun bat dauka. Hori egin beharra daukate, nola edo hala. Eta egin ahal izateko nahiko abentura eta gertaera bizi beharko dituzte.
Sorpresa ugari dago eta bukaera oso kuriosoa da. Listo, ez dugu gehiago aurreratuko.
Zergatik “intriga” hori?
Bestela grazia galtzen duelako. Istorioa motza da eta, gutxi bada ere, zerbait kontatuz gero, dena kontatzen da.
Tragikomedia bat da. Amona bakoitzaren bizitza azaltzen da, nondik datozen eta nola bukatu dute elkarrekin eta leku horretan. Bakoitzak jasan dituen bizipen gogorrak kontatuko dizkigute.
Baina alde komikoa ere badu. Azalean komikoa badirudi ere, mamia tragikoa da.
Taldeak zenbat partaide ditu?
Zazpi aktore, zuzendaria, grabazio laguntzailea eta laguntzen ibili diren hamabost lagun. Pasada bat izan da, taldea hirukoiztu baita.
Jendea behar genuen grabazioa ez eteteko eta aurrera egiteko. Guztiok lan ikaragarria egin zuten. Zerbait behar banuen, momentuan neukan, ia eskatu gabe.
Non egin dira grabazioak?
Toma batzuk herrian bertan. Eta zati handiena Baltanasen, Palentzian. Asteburu pasa joan ginen.
Gogorra izan zen, goizeko 7:00etan esnatu eta gaueko 22:00ak arte grabaketan. Arropa ez genuen bazkaltzeko ere kentzen. Herriko jendea harrituta zegoen. Esperientzia zoragarria, primerakoa izan zen.
Nola izan zen Lasarte-Orian grabazioa?
Goizean goiz egiten saiatu ginen, inork ez ikusteko. Baina Lasarte-Oria goiz esnatzen da eta jendea gerturatzen hasi zen. Harriturik begiratzen ziguten, zertan ari ote ginen pentsatzen.
Produktua amaituta nola definituko zenukete?
Ederra. Sorpresa hartu dugu. Ez du ematen 20 minututako laburmetraia denik, oso arin doa. Agian gu beste gauza batzuei erreparatzen diegu, eszena hori grabatutako momentua nolakoa izan zen gogoratzen dugulako. Gauza asko ahazten dituzu, eta azken produktua, amaituta ikustean gogoratzen dituzu egindako toma asko. Gauza txiki asko izan dira eta dena jarraian.
Guk eszenak ez ditugu kronologikoki grabatu, antzezlan batean bezala, laburmetraiaren osaketa puzzle baten antzekoa baita.
Anekdotarik?
Baltanasen aitona eta amona bat figurante lanak egin zituzten. Grabatzen ari ginela, ahots altuan eta erdaraz, hizketan aritu ziren; Ze aurpegia daukan honek, nola jaten duen besteak, ez zutela ondo ulertzen esandakoa... Bitan edo hirutan moztu behar izan genuen.
Azkenean, azalpena eman, aktore gisa parte hartu behar zutela esan, eta toma primeran atera zen.
Zergatik hurbildu behar gara gaur kultur etxera?
Gauza berria delako Antzerki eta Dantza Astean. Kuriositate bat. Orain arte mantendutako jakinmin guzti hori, behingoz ezabatuko delako. Eta gure aiton-amona guztiei omenaldi bat egin diegulako.
Hurrengo urtean aktoresa?
Oholtza gainean? Ez! Izua diot eszenatokiari. Bideo grabaketak edo muntaketak behar badira, ni hor egongo naiz, baina atzean beti!
“Esperientzia polita eta oso kuriosoa izan da laburmetraiaren proiektua”
Mari Karmen Ormazabal A ze kuadrilla, amonak eta hila! laburmetraieko aktoresa
Antzerki aktoresatik laburmetrai aktoresa izatera, nola izan da esperientzia? Gauza oso ezberdinak dira?
Guretzako antzerkia izan da, kamera aurrean baina antzerkia. Aldaketa bat adibidez, eszenak behin eta berriz errepikatu behar direla da, nahiz ondo atera. Plano ezberdinak grabatu behar dira. Eta hanka-sartzeekin kontuz ibili behar izan gara, hori ondo ederki ikasi dugu Felix Linares-en programari esker.
Antzerkian obra bat entseatu eta oholtzara zoaz. Hemen ezberdina da entseatzen duzu, baina ez daukazu zuzeneko presio hori.
Hori bai, eszenen jarraipen eza dela eta, tristetik alaira epe laburrean pasa zaitezke. Grabatzen hasi aurretik zein sekuentzien hurrenkera argi eduki behar duzu, ez delako grabatutakoren hurrengoa izango. Laburmetraian kronologia hori galdu egiten da.
Teknikaren menpe zaude erabat. Argia, mikrofonoa, itzala hemen... pazientzia handia behar da horretarako. Grabazioak detaile hauengatik luzatzen da.
Askotan kalean grabatu behar duzu eta bat-batean jendea agertzen da. Hori ez zeneukan kontuan hartuta eta beraz, enbarazu egiten dizute. Eguzkiak ere izorratu zaitzake. Eguraldiaren menpe zaude kanpoko grabaziotan.
Baina esperientzia oso positiboa izan da, eta ustez, taldearen izenean hitz egin dezaket.
Kurtso osoan zehar egindako lana izango da gaur ikusiko den laburmetraia. Antzezlanetan kurtso osoan zehar lan egin eta gero egun batean antzezten duzu. Baina hemen ez, antzerki txikiak egin behar izan ditugu urte osoan zehar.
Nola sortu zen ideia?
Ideia zerotik sortu zen. Denon artean. Hala ere, taldean beti horrela funtzionatu izan dugu. Oso polita eta oso kuriosoa izan da.
Lehenengo laburmetraian gauzak ondo egiten saiatu zarete. Amateurrak, baina profesionalen antzera...
Hori izan zen hasieratik finkatutako baldintzetariko bat. Egiten badugu, ondo egiten dugu, bestela ez dugu egingo. Eta emaitza ikusita, guk esatea gaizki baldin badago ere, oso ona da. Jendeari gustatuko zaio.
Hurrengo urtean laburmetraia, antzerkia...
Auskalo zerekin emango dugun sorpresa. Guk beti gauza berrietan pentsatzen ibiltzen gara.
Estilo hau asko gustatu zaigu, agian aurkezten dugun hurrengoa... laburmetraia beharrean luzemetraia da edo musikala. Auskalo.