28 Gipuzkoako eskolarteko txapeldun izan da Ane Labaka bertso idatzietan

jon-altuna 2010eko maiatzaren 28a

Ane Labaka Lasarte-Oriako bertsolariak urteroko zita izan du maiatzean Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketarekin. Lezoko Bekoerrota Udal Kiroldegian jokatu zen maiatzaren 28an finala eta gazteen mailan Urretxuko Amaia Iturriotz izan zen txapelduna bat batean, eta Ane Labaka herritarra bertso idatzietan. Bestalde, larunbat arratsaldean IX. Plazatik Gaztetxera txapelketako finalean kantatuko du Ane Labakak Mutrikuko gaztetxean.

Azken bi urteotan ezin izan du Ane Labakak 2008an lortutakoa errepikatu. Orduan bat batean eta idatziz izan zen Gipuzkoako txapeldun, bi txapelak ekarri zituen etxera. Azken bi urteotan aldiz, idatzizkoa eskuratu du eta bat batekoan Amaia Iturriotz-ek hartu dio aurrea. Iaz Euskal Herriko txapeldun eta txapelduordea izan ziren biak.
Bat bateko txapelketan, Ane Labakarekin batera, Amaia Iturriotz, Eñaut Martikorena, Gema Urteaga, Mikel Iturriotz, Imanol Irazustabarrena, Elixabet Pagola eta Izaro Zinkunegi aritu ziren. Andoni Egañak aurkeztu zuen saioa, eta epaile lanetan aritu ziren Bakarne Urreaga, Zigor Leunda eta Aitzol Astigarragak txapela Urretxuko Amaia Iturriotz-i ematea erabaki zuten. Txapeldunorde, bere anaia Mikel Iturriotz izan zen saio polit eta parekatuaren ondoren.