Dantzari Txiki eguna euripean

Txintxarri Aldizkaria 2010eko maiatzaren 31

Atzo, igandean Dantzari Txiki eguna ospatu zen Lasarte-Orian. Urtero bezala, Erketz Dantza Taldeak antolatutako eguna alaia izan zen, kaleak musikaz eta dantzaz bete ziren. Aurtengo edizioan, lau taldek hartu dute parte.

Goizeko hamaiketan eman zitzaion hasiera aurtengo Dantzari Txiki egunari. Goizeko xirimiriak tartea eman zuen, eta Andantza Plazatik irten ziren dantzariak. Bi taldetan osatu zituzten eta goizean zehar herrian zehar ibili ziren.
Herrikoak diren Erketz Dantza Taldea eta Landaberri ikastolako dantza taldeak herriaren erdigunerantz hartu zuten, Kale Nagusian zehar. Bestaldetik, Errenteriako Ereintza eta Falceseko Makaila taldeek Hipodromo etorbideruntz egin zuten.
Jende ugarik, gurasoak gehienbat, ibilbidean zehar lagundu zituzten etxeko dantzari txiki hauek.
Zoritzarrez, desfilea hasi eta gutxira, gure herrian ohikoa den xirimia agertu zen. Baina honek ez zuen festa eta jai giro ederra ilundu. Ondo pasatzea zen helburua, euriarekin edo euririk gabe. Ikasitako guztia erakutsi nahi izan zieten hurbildutakoei.

Energiak berreskuratzen

Desfilea amaitu eta guztiok bazkaltzera. Egunean zehar gastatutako energiak berreskuratu behar zituzten arratsaldean eskaini behar zuten emanaldirako.
Euriaren eraginez, Andatza Plazan arratsaldeko 17:00etarako aurrikusita zegoen emanaldi bateratua, Michelingo frontoian egin behar izan zuten.
Lasarte-Orian Dantzari Txiki egunean elkartutako dantza taldeek ekitaldi ederra eskaini zieten bertara hurbildu ziren guztiei. Eguraldi txarraren eragina alde batera utzi eta jai giro ederrean pasa zuten arratsaldea.