Asteburu gazi-gozoa herriko futbolarientzat

Txintxarri Aldizkaria 2010eko maiatzaren 31

Kopa herrian dago. Herriko taldea den Texas Lasartearrak 3-0 Mariñori irabazi zion larunbatean Oiartzungo zelaian jokatutako finalean.
Partidua nahiko parekatua hasi zen. Baloia alde batetik bestera ibili zen, baina partidu hasierako minutuetan arbitroak Mariñoko jokalari bat kaleratu zuen. Hortik aurrera, lasarteoriatarren nagusitasuna nabaria izan zen. Hala ere, bigarren zatia arte itxaron behar izan zuten lehenengo gola ikusteko. Hasi eta bost minututara lortu zuen Texasek markagailuan aurrenetik jartzea. Hortik aurrera, Texas nagusi izan zen. Bigarren gola penaltiz sartu zuten, eta hirugarrena partidua amaitzear zegoela.
Hiru urtez final aurrekoetan kanporatuak izan eta gero, aurten lortu dute finalean sartzea eta Kopa bereganatzea.

Lehia gogorra

Ostadarrek azken minutuetan galdu zuen Ohorezko Mailara igotzeko pasea. Partiduan zehar bi taldeen gogoak argi geratu ziren. Lehia biziko partidua izan zen.
Lehen zatian aurretik jartzea lortu zuen Ostadarrek Ganix Arrondok Hodei Perezek jaurtitako falta batetako erretxazea aprobetxatu ondoren. Bigarren zatian aldiz, Zumaiakok berdindu egin zuen baina berriro aurretik jartzea lortu zuen Ostadarrek, Hodei Perezek maisuki botatako falta baten ondorioz. Baina, partida amaitzeko minutu eskas falta zenean, Zumaiakok partida berdintzea lortu zuen. Honekin Ostadar taldearen ilusio guztiak zapuztuaz.