Beste urte batez, Zabaletako Jai Batzordeak egitarau zabala antolatu du igandear arte. Baina, jaietako benetako protagonistak haurrak izango dira.
Egitaraua
Jaiak asteartean hasten diren arren, Teresa Sorgina ostiral arratsaldera arte ez da jaitsiko. Aurten, gainera, auzoko trikitilarien hotsen konpainiaz.
Aurretik, antzerkia eta haurrentzako merienda egongo dira. Eta, ostean, haurrentzako opari zozketa, kantu afaria Montexio eta Xumela abesbatzekin, dantza garaikideko emnaldia eta dantzaldia herriko trikihots eta Hitzartu taldeekin.
Larunbatean, Joxe Migel Aranzadiren oroimenezko eskoba eta mus txapelketak jokatuko dira, haurrentzako aparra, antzerki saioa eta herri kirolak gurasoen laguntzaz.
Bertso txapelketa Nagusiko irabazlea, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Amaia Agirre eta Unai Muñoa lanean jarriko ditu Andoni Otamendik gaueko bertso saioan. Eta jarraian, gazteek gozatzekoa ukera izango dute rock gauean, Sortuz, Aritz Sound System eta talde sorpresarekin.
Igandean, auzo garbiketa txapelketa, landaberriko ikastolako dantza saioa, ohiko proba mistoa eta herri bazkaria. Bazkal ostean, toka txapelketa eta dantzaldia Arrabots taldearekin.
Festari amaiera emateko, Teresa sorgina agurtuko dute traka batekin.
Gora San Fermin grabaketa
Aurtengo berrikuntza, eta ume ugari bilduko dituena ziur, Pirritx, Porrotx eta Marimotots-en Gora San Fermin bideokliparen grabaketa.
Ekainaren 3an, ostegunean izango ditugu pailazoak Zabaletan eta auzoko eta herriko haurrei deialdia egiten diete grabaketan parte hartzera. “Haurrak zuriz jantziak etorri behar dira, painelu gorria, zartagia eta goilara batekin,” azaldu digu Porrotxek.
Adin guztietarako jaiak antolatu dituzte beraz, Zabaletakoek. Animatu eta hurbildu auzora.