Oriako dantza da, baina, ez da bertakoa, bertan sortua, Brunet tela enpresara Bergara aldetik etorritako langileek ekarri zutela uste baita, baina herritar askoren ustez herriak bere berea duen altxorra da. Ttakuneko Mailu Arrutiren iritziz, "Lasarte-Oriak bere berea duen gauza gutxienetarikoa da. Nik altxor bat kontsideratzen dut, zaindu beharreko ondasun kulturala eta gure eskutan dagoena egiten saiatuko gara". Josu Agirretxek ere bat egiten du, "denbora luzez egiten diren gauzak, urtetik urtera, azkenean tradizio bihurtzen dira. Gauza askorekin gertatzen da hori, eta Lasarte-Orian soziologikoki zer dagoen kontutan izanik..." Bergaratik ekarria da, baina Bergaran galdu egin zen, Antzuolan dantzatzen omen dute.
Felix Telleria berak aitortu digu zaharrek gazteei erakutsiz eutsi diola dantzak belaunaldiz belaunaldi. 1970 inguruan, duela 40 urte, Erketz dantza taldeak ikasi eta dantzatu zuen bere jaialdietan. Orduan dantzatu zuen lehenengo aldiz Felix Telleriak. "Santxo Unanue eta lagunak ibili ziren erakusten". Gero, 1982an dantzari beteranoei egin zitzaien omenaldia prestatzeko entseguetan finkatu ziren dantzaren pausu eta detaile asko.
1982ko omenaldia
Telleriak azaldu digunez, omenaldia egin zitzaien dantzari beteranoei 1982an, Ibargi taldea sortu zela 10 urte bete zirenean, eta "oso interesgarria" izan zen garai ezberdinetan dantzatu zutenak elkartu zituztelako: 1948an dantza egin zutenek dantzatu zuten, Orotegi eta lagunek, eta entseguetan 1919an aritu ziren zaharragoek zuzendu egiten zuten eta hauen irizpideak jarraitu zituzten eta zorrotzak izan ziren eta orduan argitu ziren detaile guztiak jaso ziren gero 1997an Sorgin Dantzaren Lagunek atera zuten liburuan. Omenaldia hunkigarria izan zen eta ondoren, “joan ginen Donostiara eta beste leku batzuetara, baina zaharrak zirela eta ez zutela dantza egin nahi esaten zuten".
Orduan, mutilek bakarrik dantzatzen zuten, erdiak intxixu eta beste erdiak sorgin, beraz sorgin eta intxixuen dantzak transformismo kutsua ere badu, eta inauterietako festa eta dantzekin lotzen dute adituek. Mailu Arrutiren ustez, aurreko mendeetako bizimoduan kokatzen bagara izango zen istilu eta eskandalua. Transgresio puntua ere badu, Josu Agirretxeren ustez, soilik madarikatu edo gaitzetsitako Intxixu eta Sorgin pertsonaiak dantzan jartzeak berak erakusten du kutsu urratzaile hori. Mailu Arrutik ere bat egiten du horrekin, "Iñude eta artzaiak ere ikusi izan ditugu paperak aldatuta baina ez dira inondik ere sorgina eta intxixua besteko urratzaile".
San Pedro jaietako erreferente ere bihurtu da dantza Tximua irratiak, lehen aldiz kutsu herrikoia eman zionetik, herrikoitu zutenetik. Tximua irratiko kideek argi zituzten helburuak, batetik jaiei euskal kutsua ematea, euskal giroko jaiak antolatzea, alegia, eta bestetik Lasarte-Oriaren identitatea indartzea. Horregatik bultzatu zuten sorgin dantza elementu nagusi gisa.
Tximua irratia
Tximua irratiko eztabaida eta hausnarketetan parte hartu zuen Josu Agirretxek: "zergatik ez dugu ba hemen egingo, beste herrietan bezala herriko dantza jaietan? Danborrada egiten zen, danborrada mistoa ere bai urte batzuetan, baina Donostiatik ekarritako zerbait zen, ez zen bertakoa, eta esan genuen, zergatik ez bultzatu herriko dantza bat?"
Geroztik asko ugaritu da parte hartzaileen kopurua, haur, gazte eta helduek dantzatzen dute eta San Pedro jaietako elementu garrantzitsuenetarikoa ere bihurtu da.
Josu Agirretxe Tximua elkarteko kideak azaldu digu nola pasatu zioten gero lekukoa Ttakun elkarteari: "antolatzeko arazoak geneuzkan, ez zelako nahikoa lagun biltzen. Beraz, indarra zeukan eta ondo antolatuko zuen talde batera jotzea pentsatu genuen; Ttakun euskararen inguruan ari zen elkartea duela gutxi sortua zen, eta ikusi genuen horrelako gauza bat aurrera eramateko egokiena hura zela. Hitz-egin eta tirabira handirik gabe adostu zen antolaketa Ttakunen esku uztea". 1994. urtean hartu zuen erreleboa Ttakunek.
Josu Agirretxeren ustez Lasarte-Oriaren nortasun euskaldunari eusteko premiak lagundu zuen bere zabalkundea: "Lasarten, beste herrietan gertatu ez zena gertatu zen, 60 hamarkadan sekulako aldaketa egon zen, batzuei gustatzen ez bazaie ere, inbasioa etorri zen, beti esan izan dut kolonizatuak izan garela, herri euskalduna zen, ijitoak ere euskaraz egiten zuten, eta derrepente, Lasarteren ezaugarriak, kultura, euskara... akabo, eta gaztelera sartu zen, guardia zibilak, Franco bizi zen... hori dena zama izan zen. Beste herriek euren sustraiak, dantzak, tradizioak dauzkate eta nik uste Lasartek, bere nortasuna berreskuratzeko premia zeukala eta horri esker zaindu dela Sorgin Dantza".
Dantza erraza izateak ere lagundu du izan duen zabalkundean. Orain arte herritar ugariren borondateari esker iraun du.
Ttakunek antolaketari heldu zion urte berean, 1994an sortu zen Oriako Sorgin Dantzaren Lagunak kultur elkartea, dantza defenditzeko. Elkarte honek Sorgin Dantzari buruzko liburua argitaratu zuen 1997. urtean. Aurten berezia izango da Sorgin Dantzako partaide batzuentzat, Xabier Bardaji, Oriako Sorgin Dantzaren Lagunak Kultur Elkarteko kide eta dantzari buruzko liburuaren egileetako bat apirilaren hasieran hil zen eta.
Bergaratik ekarria
Oriako Sorgin Dantzaren Lagunak Kultur Elkartean 1997an argitaratu zuen liburuan jaso ditugun datuen arabera, 1848 Orian zabaldu zen Brunet ehungintza enpresara Bergara ingurutik etorritako teknikariek ekarri zuten dantza, bat aipatzearren Joan Bautista Agirre bergararra izan omen zen dantzaren bultzatzaileetako bat.
Bergararrek astialdian dantza egiten omen zuten bertakoekin eta hauen artean omen zen 1885etik aurrera 1918ra arte lehen buruzagia izan zen Joxe Ollokiegi. Garai haietan auzoan bertan edo inguruan dantzatzen zela uste da. Gero 1950 urte inguruan Donostian eta inguruko beste herri batzuetan ere dantzatu zuten.
1932tik 1948an enpresaren sorreraren mendeurrenera bitartean Regino Ollokiegi izan omen zen buruzagi. Urte hartan Jose Manuel Brunet enpresaren buruak bultzada eman zion sorgin dantzari eta jantziak berritzen lagundu zuen. Manuel Goiaran jarri zen orduan buruzagi, 1969an gaur egun gidari den Felix Telleriak lekukoa hartu zuen arte.
Bandera eta jantziak
Buruzagiak bandera erabili du beti eta banderarekin badira zenbait istorio. Felix Telleria buruzagiak 1982an egin zuten bandera erabiltzen du, (Alejandro Romok 1982an asmatu eta sortu zuen irudia ageri da banderan: sorgin baten burua eta bi dantzari), Erketzek aldiz ikurriña erabiltzen du dantza jaialdietan. Aurretik, Frankoren garaia bandera "gorri horixka" erabili zen eta errepublikarrena ere bai. Felix Telleriak gertakizun bat kontatu zigun, 1950. inguruan nola bandera errepublikarra norbaitek gustuko ez, eta Donostian zezen plazara bidean kendu, gurdiren batean gorde eta gehiago ez zela agertu.
Jantziei dagokienez, dantzari zaharren esanak eta aitzinako argazkiak erabili dira. Garai bateko dantzarien irudietatik atera dira baina izan da gorabeherarik. Felix Telleriak kontatu digunez, "detaileak aldatu dira: zapi pintarra erabili da eta zaharrek esaten zuten zuria zela. Kukurutxo urdinak egin zituenak aitortu zuen urdinarekin egin zituztela beste margorik ez zutelako. Zaharrek zioten gorriak zirela".
Erketz-ek lan handia egiten duen arren, euskal dantzak ez dauka behar lukeen indarrik Lasarte-Orian. Hori uste du behintzat Felix Telleriak. "Ez Lasarten eta ez inon. Hamar urte barru inork ez du ezpata dantza jakingo" Betiko dantzak egiten dituzten taldeak larri dabiltza, eta bide berriak jorratu dituzte batzuek. Horregatik uste du lehengoa galduko dela. Oro har, denek uste dute duela urte batzuek dantzak betetzen zituen funtzio sozialak galdu direla, eta ikuskizun soil bihurtu dela: "plazan inork ez du dantzatzen".
Aurtengo berrikuntzak
Aurten zenbait aldaketa izango ditu Sorgin Dantzaren kalejirak. Beti San Pedro bezperan egin bada ere, aurten ekainaren 26an egingo da larunbatez eta ordu erdi lehenago hasiko da, arratsaldeko 17:30ean dantzatuko da Orian eta 18:00etan abiatu dira erdigunerantz. Oriatik hasiko da baina oraindik ez dago ibilbidea zehaztua. Ostiralean antolatzaileek Ttakunen bertan eman zuten prentsaurrekoan aurreratu zutenez.
Jantzi berriak
Arropa berrituko da Udalaren laguntzaz. Orain artean, Felix Telleriak eta Erketz dantza taldeak utzitako jantziak erabili izan dira. Sorgin Dantzaren Lagunak elkarteak eta Ttakun elkarteak erabaki zuten arropa berria Udalari eskatzea bai helduentzako baita gaztetxoentzako ere.
Krisi garaian gaudenez, ezingo dira jantzi guztiak berritu, beraz aurten gaztetxoena egingo da eta datorren urtean helduena.
Gaztetxoen zortzikotea
LH5 eta 6koak eta DBH1 eta 2koak izango dira zortzikotea osatuko dutenak. Udalak adin horretako herriko gaztetxo guztiei ohar bat bidaliko die eta zortzikotean parte hartu nahi dutenek udalean eman beharko dute izena, hain zuzen ere kulturetxeko bigarren solairuan, Gazteria sailean.
Ume asko badira zozketaz aukeratuko dira. Hauek egun bat izango dute trajeak jasotzeko eta beste egun bat entregatzeko. Urtean zehar, udalak jasoko baititu jantziak.
Entsegu orokorrekin batera haur hauekin saio berezi batzuk egingo dira ateratzen direnek txukun dantzatu dezaten. Urtero bezala prestatzeko sei saio egingo dira bakoitza gutxi gorabehera ordubetekoa, ekainaren 8an hasita, astearte eta ostegunetan 20:00etan.
Aurten gaztetxoak aurrean joango dira: lehenengo zortzikotea eta ondoren beste ume eta gazte guztiak txikienetik handienera. Gero erdian, joango dira zortzi dantzari helduak eta hauen atzetik beste dantzari guztiak.
Erreleboa
Gaztetxoei garrantzia emateko asmoz sortu da bigarren zortzikote hau. Mailu Arrutik adierazi digunez: "aldaketa honek beste helburu bat ere badauka, aurrera begira helduen zortzikoterako dantzariak sortzea. Hauek izango baitira etorkizuneko oinarria edo erreleboa”.
Ez da dudarik oraingoz erreleboa ziurtuta dagoenik. Urtero urtero handitu da parte hartzaileen kopurua, iaz 200 baino gehiago ziren, aurreko urtean baino 80 gehiago eta momentuz ez dauka muga edo toperik.