Gaur hasiko dira Zabaleta auzoko jaiak

Txintxarri Aldizkaria 2010eko ekainaren 1a

Gaur arratsaldean hasiko dira jaiak haurrentzako jolasekin eta japoniar bonbekin.
Beste urte batez, Zabaletako Jai Batzordeak egitarau zabala antolatu du igandear arte. Baina, jaietako benetako protagonistak haurrak izango dira.

Egitarau zabalena asteburuan izango da, baina aurreko egunetan hainbat ekitaldi izango dira. Esaterako ostegunean Pirritx, Porrotx eta Marimotots-en Gora San Fermin bideoklipa grabatuko da Zabaleta auzoan. Auzoko eta herriko haurrei deialdia egiten diete grabaketan parte hartzera. “Haurrak zuriz jantziak etorri behar dira, painelu gorria, zartagia eta goilara batekin,” azaldu digu Porrotxek.
Teresa Sorgina berriz, ostiral arratsaldean iritsiko da Zabaletara auzoko trikitilarien hotsen konpainiaz.
Gero antzerkia eta haurrentzako merienda eta opari zozketa ere egongo dira. Ostean, kantu afaria Montexio eta Xumela abesbatzekin, dantza garaikideko emnaldia eta dantzaldia herriko trikihots eta Hitzartu taldeekin.
Larunbatean, Joxe Migel Aranzadiren oroimenezko eskoba eta mus txapelketak jokatuko dira, haurrentzako aparra, antzerki saioa eta herri kirolak gurasoen laguntzaz.
Bertso txapelketa Nagusiko irabazlea, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Amaia Agirre eta Unai Muñoa lanean jarriko ditu Andoni Otamendik gaueko bertso saioan. Eta jarraian, gazteek gozatzekoa ukera izango dute rock gauean, Sortuz, Aritz Sound System eta talde sorpresarekin.
Igandean, auzo garbiketa txapelketa, landaberriko ikastolako dantza saioa, ohiko proba mistoa eta herri bazkaria. Bazkal ostean, toka txapelketa eta dantzaldia Arrabots taldearekin.
Festari amaiera emateko, Teresa sorgina agurtuko dute traka batekin.