Eskola Agenda 21-ean lanean egon diren Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko eta Landaberri ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleek Udalbatzar aretoa hartu zuten astearte eguerdian.
Udalbatzar berezi honetan, herriko gaztetxoek uraren gaia ardatz bezala harturik, ikastolan eta herrian egindako azterketak aurkeztu zieten Jone Altuna, Hezkuntza saileko buruari, Marisa Zubiri Ingurumeneko lehendakariari eta Jesus Zaballos alkateari.
Honetaz gain, ikastetxeetan aurrera eraman dituzten neurriak jakinarazi zituzten, kartelak jarri, patruila berdeak...
Hemendik aurrera hartzen dituzten konpromezuak ere adierazi zituzten, hala nola, dutxatu eta bainatzerakoan, etxekoekin uraren garrantziaz eta ur kontsumo egokiaz hitz egin edo irekita ikusten dituzten iturriak itxi eta hondatua badago irakasleei esan.
Azkenik, Udalari eskaera eta proposamen ezberdinak egin zizkieten: kontzientziazio kanpainak, erreka eta ibaiko kartel informatiboak, Udalaren eta herritarren uraren kontsumoa nola murriztu, kiroldegiko dutxatan fitxa sistema ezartzea, etab.
Alkateak adi entzun zituen gaztetxoek esandako gauza guztiak, Udalaren eskutan dagoena egingo dela aipatu zuen zakarrontzi, iturri eta ibaia eta erreka garbiketaren harira eta hainbat ideia kontuan izango direla ere azpimarratu zuen.
Azkenik, ikasleak lanean jarraitzera animatu zituen eta Lasarte-Oriako Zuhaitzen liburua banatu zien guztiei.