Udalbatzar berezi honetan, herriko gaztetxoek uraren gaia ardatz bezala harturik, ikastolan eta herrian egindako azterketak aurkeztu zieten Jone Altuna, Hezkuntza saileko buruari, Marisa Zubiri Ingurumeneko lehendakariari eta Jesus Zaballos alkateari.
Honetaz gain, ikastetxeetan aurrera eraman dituzten neurriak jakinarazi zituzten, kartelak jarri, patruila berdeak...
Hemendik aurrera hartzen dituzten konpromezuak ere adierazi zituzten, hala nola, dutxatu eta bainatzerakoan, etxekoekin uraren garrantziaz eta ur kontsumo egokiaz hitz egin edo irekita ikusten dituzten iturriak itxi eta hondatua badago irakasleei esan.
Azkenik, Udalari eskaera eta proposamen ezberdinak egin zizkieten: kontzientziazio kanpainak, erreka eta ibaiko kartel informatiboak, Udalaren eta herritarren uraren kontsumoa nola murriztu, kiroldegiko dutxatan fitxa sistema ezartzea, etab.
Alkateak adi entzun zituen gaztetxoek esandako gauza guztiak, Udalaren eskutan dagoena egingo dela aipatu zuen zakarrontzi, iturri eta ibaia eta erreka garbiketaren harira eta hainbat ideia kontuan izango direla ere azpimarratu zuen.
Azkenik, ikasleak lanean jarraitzera animatu zituen eta Lasarte-Oriako Zuhaitzen liburua banatu zien guztiei.
EPA-HHIren lekualdaketa
Astearte goizean burutu zen ohiz kanpoko udalbatzarrean, alkateak 2010. urteko ekitaldian kredituak aldatzeko gaur arte bideratu diren dosierren berri emateaz gain, kredituak aldatzeko 2010/1 dosierra onartu zen PSOE eta H1! alderdien bozkekin. Udalbatzarrean ez zen PPko ordezkaria izan eta beste alderdi guztiak abstenitu egin ziren.
Honen bidez, 612.470 euroko mailegua eskatuko da Osasun Zentro berriko eraikineko 3. solairua egokitu eta EPA-HHI-a lekualdatzeko.
Ricardo Ortega Ezker Batuako zinegotziak hezkuntzari dirulaguntzik eskatu al zaion galdetu zuen, dossierrean agertzen ez baitzen.
Eta EAJko bozeramaileak, Estitxu Alkortak, “Ez dakigu zein irizpide erabiltzen den gastuen kontrola egiteko, ezta Udalaren lehentasunak zeintzuk diren. Gainera, ez da proiektu honi aurre egiteko egoera ona. Gure ustez, atzeratu beharko litzateke,” adierazi zuen eta “superabita badago, zergatik mailegua eskatu?,” gehitu zuen.
Alkateak Hezkuntza Sailak proiektu hau %40-%60 hitzarmenean sartu duela adierazi zuen. Bestalde, Sasoeta Zumaburu ikastetxeak Zumaburuko eraikineko 4. solairua behar duela eta irailean EPA-HHik bertatik atera behar zuela azaldu zuen eta, beraz, lanak beharrezkoak zirela azpimarratu.