Gipuzkoako eskolarteko txapeldun izan da Ane Labaka bertso idatzietan

jon-altuna 2010eko ekainaren 4a

Ane Labaka Lasarte-Oriako bertsolariak urteroko zita izan du maiatzean Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketarekin. Lezoko Bekoerrota Udal Kiroldegian jokatu zen maiatzaren 28an finala eta gazteen mailan Urretxuko Amaia Iturriotz izan zen txapelduna bat batean, eta Ane Labaka herritarra bertso idatzietan. Bestalde, larunbat arratsaldean IX. Plazatik Gaztetxera txapelketako finalean kantatuko du Ane Labakak Mutrikuko gaztetxean.

Azken bi urteotan ezin izan du Ane Labakak 2008an lortutakoa errepikatu. Orduan bat batean eta idatziz izan zen Gipuzkoako txapeldun, bi txapelak ekarri zituen etxera. Azken bi urteotan aldiz, idatzizkoa eskuratu du eta bat batekoan Amaia Iturriotz-ek hartu dio aurrea. Iaz Euskal Herriko txapeldun eta txapelduordea izan ziren biak.
Bat bateko txapelketan, Ane Labakarekin batera, Amaia Iturriotz, Eñaut Martikorena, Gema Urteaga, Mikel Iturriotz, Imanol Irazustabarrena, Elixabet Pagola eta Izaro Zinkunegi aritu ziren. Andoni Egañak aurkeztu zuen saioa, eta epaile lanetan aritu ziren Bakarne Urreaga, Zigor Leunda eta Aitzol Astigarragak txapela Urretxuko Amaia Iturriotz-i ematea erabaki zuten. Txapeldunorde, bere anaia Mikel Iturriotz izan zen saio polit eta parekatuaren ondoren. Guztira Gipuzkoako 18 urtetik beherako 18 bertsolari gaztek hartu du parte aurten bat bateko txapelketan, eta 14 urtez azpikoan 72 bertsolarik taldetan banatuta.

Hiru aldiz txapeldun

Dena den, idatzizko txapelketan Ane Labakaren nagusitasuna handia da. Hiru aldiz jarraian jaso du lasarteoriatarrak bertso paper onenentzako sari hau, aurten, maiatzaren 28an bertan, Lezon.
Guztira, Lehen Hezkuntza eta Batxilergoko ikasleen 1.072 lan jaso dituzte aurten eta DBHko bigarren zikloko ikasleen artean Ane Labakaren "Gauak" bertso sortari eman diote lehen saria. Antigua-Luberri ikastetxean ari den herritarrak azken hiru urtetan segidan irabazi du sari hau. Aipamena jaso duten lau bertsolari gazteen artean da Amaia Iturriotz.

Gaztetxetako finalean

Bestalde, Deba Barreneko gaztetxetan jokatzen den Plazatik Gaztetxera sariketako finalean kantatuko du Ane Labakak larunbatean hilak 5 bazkalostean Mutrikuko gaztetxean, Asier Azpiroz, Beñat Iguaran, Hodei Barroso, Ander Lizarralde eta Mikel Artolarekin batera.
Aipagarri da, Lasarte-Oriako Bertso Eskolan aritzen diren hiru bertsolari gazteak arituko direla aipatutako finalean, Asier Azpiroz Zubietakoa, Beñat Iguaran Villabonakoa eta Ane Labaka Lasarte-Oriakoa.
Anek Elgoibarko kanporaketa irabaziz lortu zuen finalerako txartela maiatzaren 28an. Ane berak esan digunez, poz pozik dago, "iaz, asko gozatu nuen finalean, Beñat Iguaran ikusten, giro bikaina izan zen eta aurten parte hartzearekin oso pozik nago. Hor egotearekin bakarrik konforme". Kanporaketak Deba, Soraluze, Mendaro eta Elgoibarko gaztetxetan jokatu dira maiatzeko lau ostiraletan eta Plazatik Gaztetxera IX. Txapelketako finala larunbat arratsaldean jokatuko da, 14:30etan hasiko den bazkariaren ondoren.
Pasa den ostiralean, maiatzaren 28an, jokatu zen laugarren eta azken kanporaketa Elgoibarko Gaztetxean. Ane Labaka izan zen irabazlea, buruz burukoan Mikel Artola alegiarra gainditu eta gero.