Elias Goikouria, hogei urte Zero Sette akordeoi orkestrari eskainiak

Txintxarri Aldizkaria 2010eko ekainaren 4a

1990ko maiatzaren 14ean, Billabonako Zineman, Elias Goikouriak bere lehenengo kontzertua egin zuen Zero Sette Akordeoi Orkestrako zuzendari bezala. Hogei urte igaro dira geroztik, baita hamaika ekitaldi eta akordeoi jole ere. Hala ere, lehenengo eguneko indar eta ilusio berarekin jarraitzen du lanean.

Zero Sette akordeoi orkestraren sortzaile eta zuzendari Juan Antonio Mercerok 1990. urtean, eman zion erreleboa herriko gazte bati, Elias Goikouriari. Hamaika kontzertu eta partitura zuzendu ditu geroztik, baita orkestra kide ezberdinak ere. Bi diska grabatu ditu eta orkestraren 20. urteurrena bete du zuzendari bezala. Oraingoan bere txanda da, Eliasek hogei urte egin ditu zuzendari lanetan.
Bere lehenengo kontzertua arestian aipatu bezala, Billabonan izan zen eta, herrian, urriaren 20ean, Biyak Bat Erretiratuen elkarteak, Arantzazuko Amaren elizan, antolatu zuen Zaharren omenaldian.
2007a izan zen emanaldi gehien zuzendu zituen urtea, 16 kontzertu, eta horietako bat, gainera, berezia izan zen Zero Sette Orkestrak Kursaal aretoan jotzen zuen lehenengo aldia zelako, Donostiako Orfeoiak antolatzen duen Unicef jaialdiaren barruan.
Honetaz gain, bere zurendaritzapean, urtero antolatzen den eta izena duen Akordeoi jaialdia sortu zen.

Sariak eta bidaiak

Aipatzekoak dira orkestrak bere zuzendaritzapean lortutako sariak: Ourenseko Lehiaketako lehen saria, Reina Sofia saria, Torrelavegako lehiaketako lehen saria hainbat urtetan, Cedeirako lehiaketako lehen saria eta Frantziako Andrezieuxeko Sari Nagusian zilarrezko domina, baita Ginebrako Nazioarteko Sari nagusian ere.
Horretaz gain, bidaia ugari egin ditu orkestrak Estatu mailan, baita Europa mailan ere. Polonia, Frantzia, Italia, Suitza edo Alemania bisitatu ditu orkestrak Elias Goikouria zuzendari duela. Estatuan, 48 emanaldi eskaini ditu Valladolid, Leon, Torrelavega...

Herriko ekintzetan ohiko

Lasarte-Oriako ekimenetan ohiko izaten da Zero Sette akordeoi orkestraren presentzia, hala nola, Zaharren omenaldiko jaialdian edo San Pedro jaietako omenaldian.
Baina, beste herriko taldeekin batera ere lana egin du eta hainbat ekitaldietan ere zuzendu ditu. Aipatzekoa da, Alboka Abesbatza eta Erketz E.D.T.-rekin batera, Euskararen Maratoiari amaiera ematen dion ikuskizuna, Eusko Irudiak.
Hurrengo astean, ekainaren 12an, Alkoholiko Anonimoen elkarteak haien 75. urteurrena ospatzeko antolatu duen jaialdian ikusi ahal izango dugu orkestra zuzentzen. Zorionak eta urte askotarako, Elias!