Teresa Sorgina gaur dator Zabaletara

Txintxarri Aldizkaria 2010eko ekainaren 4a

Bonba japoniarrak, haurrentzako jolasak, antzerkia... Ederki gozatu dute Zabaletara auzoko jaietara hurbildu diren haurrek eta asteburuan ere horretarako aukera izango dute.

Zabaleta auzoko jaiak asteartean hasi ziren eta igaro diren hiru egun hauetan haurrak izan dira protagonista.
Asteartean, haurrentzako jokoak egin ziren eta asteazkenean, opariak lortzeko arrantzan ibili ziren gaztetxoak. Ondoren, Koloreak eta Mimo ariketak, Landaberri ikastolako LH1 eta LH3 mailakoen antzerki lanak, ikusi zituzten. Atzo, berriz, Zabaleta auzoko Antonio plaza Iruñea txiki bilakatu zen, zezenak ere ikusi ziren.
Zuriz jantziak eta painelu gorria soinean, herriko hainbat gaztetxok parte hartu zuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Gora Sanfermin! pailazoen grabazioan.
Eta egunero jaurti dituzte bonba japoniarrak auzora igo diren guztientzat.

Hainbat ekintza

Asteburuan ere milaka ekintza burutuko dira auzoan. Gaur, esate baterako, Teresa Sorgina iritsi baino lehen antzerkia eta haurren merienda egongo da. Gainera, Teresa Sorginak opariak ekarriko ditu bertan dauden umeen artean zozketa egiteko.
Larunbat arratsaldean, haurrentzako aparra, Galtzagorriei to, Inaxito antzerkia eta helduentzako eta haurrentzako herri kirolak egongo dira.

Igandean, egun pasa

Eguraldiak laguntzen badu, familia plana egin eta Zabaletan egun pasa egin daiteke igandean.
Eguerdian, Landaberriko ikastolako gaztetxoen dantza saioa eta proba mistoa ikusteko aukera dago, baita Zabaletan bazkaltzekoa ere. Bazkal ostean, giro bikaina izango da, kantu saioa eta dantzaldia, gero, Teresa Sorginari agur esan baino lehen.

Heldu eta gazteak

Honetaz guztiaz gain, egun hauetan, heldu eta gazteek ere ederki pasatzeko aukera izango dute Zabaleta auzoan, dantza, musika, bertsoak...
Beraz, hurbildu eta gozatu auzo honetako jaietaz.