“Niretzat erronka handia izan da eta ikusi dut gai izan naizela, denbora gutxian, lan handi bat egiteko”. Egurrean sekula egin duen lanik handiena izan da, harrian egin ditu handiagoak, baina tailerrean eta beste era batera, denbora gehiagorekin, “Sinposiumean ezin duzu goiz bat pentsatzen pasa, a tope ibili behar duzu” esan digu Lasarte-Oriako eskultoreak. Ez zuen hain ezki enbor hain handirik espero: “Nire enborra baino handiagoak ere bazeuden, eta zozketa egiten da. Motozerrarik ez neukan, banekien eskuz ezin nuela zortzi egunetan bukatu,... gero antolatzaileek utzi zidaten motozerra”. Elektrikoa utzi zioten, ez dauka motordunak beste indar, baina moldatu zen. La Bresse herria Suitza eta Alemania muga ondoan dago, Estrasburgotik gertu, Alsazian, inguru menditsu batean.
Ohorezko diploma ekarri duzu, Camille Claudel-en omenezko XX Eskultura Jaialditik?
Bai. Camile Claudel XIX. mende amaiera eta XX. mende hasierako eskultorea da. August Rodin eskultore ezagunaren maitalea izan zen, hainbat ikerketen ondoren arte adituek ondorioztatu dute, Rodinen piezarik famatuenak edo ikusgarrienak Camile Claudel-ek egiten zituela, eta gero Rodinek sinatu, garai haietan oraindik ez zelako saltsa hauetan emakumerik onartzen ezta emakumeek sozialki prestigiorik izatea. Herri honetan La Bressen pasatzen zituen udarak Claudel-ek bere familiarekin eta 20 urte daramatzate herri honetan Frantzia osoan bezala Camille Claudelen izena nolabait bere lekuan jartzen.
Nik aurkeztu nuen proiektuak ildo hori jarraitzen zuen: bere omenez, bururatu zitzaidan emakume baten itxura zuen eskultura egitea, baina, Camilek lantzen zuen itxura hiper-errealista baino, estilo kubista modernoagoa erabili nuen. Maketa bidali, antolatzaileei gustatu eta parte hartzeko gonbitea jaso nuen. Hara iritsi eta 2 metro eta erdiko enbor bat jarri zidaten, bidalitako maketa handian egiteko.
Ezki zura...
Bai hori da. Lehendabiziko bi egunetan gaizki pasa nuen: trenez joan nintzenez, erreminta justuak eraman nituen, ezin nintzen pisu aldetik pasa, motozerrarik adibidez ez nuen eraman. Enborra ikusi nuenean behea jo nuen, uff! Gero motozerra bat lortu, bi egun oso pasa egurra arbastatzen eta hirugarren egunetik aurrera buelta eman nion, gozatzen hasi nintzen, aldamenekoekin hitz egiten,... Lehenengo bi egunetan 25 partaideak lana besterik ez genuen egin bestela 9 egunetan ez da horrelako eskultura bat bukatzeko denborarik. Burua altxa eta denak lanean ziren.
Hori polita da, sinposium hauek ofizioa duen jendearentzat dira. Gaur egun eskultura mailan askok diskurtsoa botatzen du, gero harri bat beste baten gainean jarri goxoki paper batean bildua eta hori da eskultura. Toki hauetan horrek ez du balio.
Artisauak elkartzen zarete, beraz,...
Bai, ofizioa daukagunak. Maketa bat bidaltzen duzu eta handira eramaten jakin behar duzu. Enborra eskuairatzen jakin behar duzu, alde ona eta txarra zein den ikusten,... ofizioa behar da eta horrek poza ematen dit, 25 partaide, mundu osokoak, japoniarra, bi afrikar, argentinarrak, kanadarra, ukraniarra, frantsesak, italiarrak, Alacantekoa,...
Euskaldun bakarra zu izango zinen noski?
Niri Gotzon Huegun espainiarra jarri zidaten baina gaztelera zekitenek esaten zuten, ze izen eta abizen da hau? Orduan azaltzen nien euskalduna nintzela, beste hizkuntza eta kultura daukagula, politikoki estatuaren barruan gaudela baina beste sustrai batzuk ditugula...
Gau batean japoniarraren ondoan nintzen, afaltzen, ingelesez ari ginen, ez nekien zer esan eta komentatu nion nire anai txikiak japoniarra hitz egiten duela. Berak, harrituta, “deituiozu” esan zidan, ez dakit ez zidan sinesten ala zer,... Deitu nion, anaiarekin euskaraz hitz egiten hasi eta bapatean konturatu nintzen denak begira nituela: 25ak ginen mahai batean eta, ez zen frantsesa, ez zen gaztelera, ez zen ingelesa, ze hizkuntzatan hitz egiten du tipo honek? galdetzen zuten.
Azken gauen, despedida afarian abesteko eskatu zien japoniarrari, ukraniarrari eta niri ere bai, denak “vasco”, oihuka eta Mikel Laboaren “Txoria txori” abestu nien. Gu ez gara konturatzen, baina euskarak duen soinua eta doinua oso polita omen da, harrituta geratzen ziren.
Giroa ikusten dut oso ona izan duzuela, gustura geratu al zinen egindako lanarekin ?
Bai giro oso ona, antolaketa aldetik izugarria, eskultoreak mimatuak izan gara: parte hartu dudan beste sinposium batzuetan erreklamo turistiko bat besterik ez zara, baina gero kasu handirik ez dizute egiten. Hemen guztiz kontrakoa, janari, alojamendu aldetik oso ongi, eta bestela oso gustura geratu naiz, giro oso alaia zegoen, antolatzaile gehienak emakumezkoak ziren,... eta gero azken egunean, jaialdiaren XX. mendeurrena zela eta, sari berezi bat emango zutela jakin genuen. Hiru proiektu aukeratu zituzten finalista izateko eta hiru horietatik bat nirea zen. Beraz, gustura, finalistak erabakitzen zituztenak Parisetik joandako arte kritikoak ziren, eta bestalde, lehen aldiz zailtasunei aurre egin behar izan nien sinposium batean, pozik, beraz.
Zer moduzko maila ikusi zenuen?
Harrituta nago maila altua zegoelako, Italiarrak teknikoki oso onak ziren. Niretzat erronka zen, ia zer maila emateko gai nintzen; finalista izan nintzen, askok zoriondu ninduten eta hurrengo urterako gonbidatu naute, beraz maila majoa erakutsi dut.
Sinposium-ek zer dute interesgarri?
Urtero edo bi urtean behin bat egiten saiatzen naiz, saltsa hori gustatzen zait. Beti tailerrean sartuta baldin bazaude, aldamenekoek nola lan egiten duten badakizu, baina,... ona da ezagutzea. Japoniako eskultoreak 65 urte zeuzkan eta oso aberasgarria da nola lan egiten duen, zer egiten duen eta nola planteatzen duen ikustea; italiarrek ezagutzen ez nituen erreminta batzuk zituzten, merkatuan erosi ezin daitezkeenak, artisau batek burdin berezi batekin egindakoak. Datu tekniko asko jaso ditut.
Jende oso majoa zegoen, denek antzekoan ari gara, batzuk badira bereziagoak, goi mailako artistaren zera daukatenak, baina gero lanean hastean hori xahutu egiten da. Bakoitzak bere maila erakusten du.
Asko aurkezten al zarete sinposium-etara?
Esan ziguten 120 aurkeztu ginela eta horietatik 25 aukeratu gintuzten.
Ni konturatu naiz munduan milaka eta milaka eskultore gaudela. Gero Euskal Herrian lau gara eta ez dakit zer uste dugun.
Zure tailerrean emakumez inguratuta sentitzen naiz, bat, bi, hiru,... zazpi emakume zizelkatu dauzkazu, bertan, zure tailerrean...
Neolitiko garaian Europa osoan eta konkretuki Euskal Herrian lantzen zen eskultura tipo bat da nire ardatzetako bat. Orduan emakumearen itxurak garrantzi handia zeukan, arkeologiako liburuetan dator garai haietan gizartea emakumeek antolatzen zutela, klanetan erabakiak emakumearen inguruan hartzen zirela, beti ere, taldearen mesedetan edo hauen ongi izatea bilatuz. Hau ideia intelektual bezala, baina gero, estetikoki erabiltzen zituzten bolumenak ere erakargarriak dira, gizonen gorputzak ematen ez dizkidan bolumen horiek beste indar bat daukate, baditut marmolean egindako gizonezkoen eskultura batzuek baina, emakumeek beste borobiltasun batzuek dituzte, egurrean lantzeko egokiak.
Iruditzen zait feminitate edo emetasunak presentzia handia duela zure lanean?
Esaten didate, zenbat emakume!... Duela 14 urte Haizea alaba jaio zen eta horrek eragina izan ote du,... ez dut nahita egiten, ez da arrazionala. Emakumea ez, baina feminitatea nolabait beharrezkoa zaigu gizartean. Gizonezkoek ere badugu feminitatea eta balore horiek: konpetentziaren ordez elkartasuna, ....
Beste proiektu edo proposamenik ba al duzu?
Badauzkat proiektu batzuk baina oraindik berde xamar daude, agintarien borondatearen esku: bat Kanadan XVI-XVII. mendean joan ziren euskal arrantzaleen omenezko monolito antzekoa egitea da, arrantzaleak lurperatzen zituzten hilerriaren inguruan; beste proiektu bat daukat Lasarte-Orian etxe multzo berri baten lorategian eskultura bat jartzeko eta Murchanten eskultura bat jartzeko lehiaketan ere hartu dut parte. Hala ere, hirietako eskulturak oso motel joaten dira, Hernaniko Zinkoeneakoa atera arte bi urte pasa ziren.
Azkaraten ere tailerra daukazu, Hernani eta Azkarate artean al zabiltza?
Gehiago egoten naiz hemen, orain hemen dago nire txokoa. Asteburuetan joaten naiz hara eta ezin dut egiten ditudan piezak kargatu eta batetik bestera eramaten ibili. Eromena litzateke. Nire asmoa bada behin edo behin Azkaratera joatea, neguan hotza eta udan beroa daukat hemen, hala ere gustura nago: espazioa daukat eta alaba ere gustura da.
Patrizio Madozetaz gogoratu zara Frantziatik bueltan, ezta?
Bai handik etorri eta amak esan zidan, nire lehendabiziko maisu izan zena hil dela. Bere etxean erakusten zidan, bere familia ezagutzen dut, emaztea eta seme- alabak eta iruditzen zait aipamena merezi duela. Egur tailugile profesionala zen, teknika klasikoa lantzen zuen, bolutak, loreak, mahats-hostoak,... berarekin hasi eta hau ze ederra den konturatu nintzen. Gero berak nekatuta zebilela, berarekin askoz gehiago ez nuela ikasiko eta beste maisu batengana bidali ninduen.