Nola bururatu zitzaizun euskara ikasten hastea?
Glena: Oso garrantzitsua iruditzen zait, zure jaioterria utzi eta beste lurralde batera zoazenean bertako kultura ezagutu nahi izana.
Herri hau hobeto ezagutzen saiatzen ari gara, eta zuekin harremanek errazteko zuen hizkuntza ikasten. Era berean, gure arteko lotura sortutzeko.
Tania: Oso garrantzitsua da euskara ikastea bai lanerako, baita bizitza sozialerako ere.
Zer iruditu zaizu euskara hizkuntza moduan?
Oso polita da, baina oso zaila. Gramatika zaila da, baina gogoak ditugunez, ikasiko dugu.
Bost igande daramatzazu euskara ikasten, eboluziorik?
G: Momentu hauetan familia izenak ikasten gaude. Momentuz behintzat, agurtzen eta gure burua aurkezten dakigu.
Kontent zatozte?
T: Hemen bakoitza bere kabuz dator, ikastea gustatzen zaigulako.
Nolakoak dira klaseak?
G: Dinamikoak eta alaiak. Oso parte hartzaileak dira. Arantzak oso ondo prestatzen ditu klaseak. Lau ordu diren arren, ez dira luzeak egiten.
Gomendatuko zenukete?
T: Bai, jendea euskara ikastera animatuko nuke. Gauzak ikasteko grina izatea garrantzitsua da. Bizitza honetan denak eskatzen du sakrifizioa. Denok dugu ikasteko gaitasuna, batzuei bestei baino gehiago kostatuko zaie, baina denak dugu ahalmen hori.
Kurtsoa amaitutakoan euskaltegira joateko asmorik?
G: Niri pertsonalki euskara ikasten jarraitzea gustatuko litzaidake. Hizkuntzarekin maitemindu naiz. Hemen oinarrizkoak ikasten ditugu, eta horrekin ez ditut nire ikasteko gogoak asetu, hizkuntzan barneratu nahi dut.
T: Kurtso honi esker, ez gara euskara adituak izango. Gero hizkuntza ezagutzen jarraitu dezakegu. Hemen gaude, eta euskara ikasten badugu, nik uste errazago egingo zaigula bizitza.
Euskara ikasi nahi? Aisarekin udan duzu aukera
Lasarte-Oria etorkinen herria dela ezin da ukatu. Izan ere, euskara eta gaztelera egunero entzuten dira herrian, eguneroko ogia dira. Euskara ikasteko grina handia duen herria dugu gurea, gainera. Etorkin askok ekin dio hizkuntz honen nondik norakoak ikasteko bidaiari. Zuk ere bidai honetan parte hartu nahi duzu? Orain duzu aukera paregabea.
Udala eta HABE
Askok eta askok Udal euskaltegian izan dute euskara hurbiletik ezagutzeko aukera, eta oraingoan ere HABEk eta Lasarte-Oriako Udalak aukera eskaini nahi dizu.
Gainera, kostu gehigarria izan ez dadin, bi erakunde hauek hartuko dute bere gain ikastaroaren kostu osoa.
Hasierak arin
Uztaileko proposamena, ikastaro arin eta oinarrizkoa da. Euskara eta bere nondik-norakoak ezagutzen hasteko balio du ikastaro honek.
Euskaraz lehenengo gauzak esaten ikasteko aukera paregabea da hau. Agurtzen ikasi, gauza erraz batzuk euskaraz eskatzen hasi, nor zaren eta non bizi zaren adierazten ikasi, euskaraz kontatzen... ikastaro honetan duzu horretarako aukera.
Nondik-norakoak
Uztailaren 5etik 23ra bitartean izango da ikastaroa. Egunean 4 orduko saioak dira, goizeko 9:00tan hasi eta eguerdiko 13:00etara eta astelehenetik ostiralera.
Norentzat
16 urtetik gora baldin badituzu eta etorkina bazara zuretzat propio prestatuta dago kurtsoa.
Interesa baduzu ekainaren 1etik 18ra, Udal Euskaltegiko idazkaritzara hurbildu beharko duzu. Edo bestela, 943 361 621 telefono zenbakira deitu.
Euskara ikasi nahi baduzu, orain duzu aukera, eta gogoratu, doan dela.