“Etorkinek euskara ikasteko duten gogoa eta desioa ikaragarriak dira”

itxaso-moreno 2010ko eka. 7a, 02:00

Gure herriak etorkin ugari jaso ditu azken urteetan. Euren lurraldeak utzi eta ezezagun duten herrira egiten dute salto. Kultura, hizkuntza... ezberdina, dena dute berria. Lasarte-Orian immigrante guzti hauei harrera eta laguntza eskaintzeko Esperanza Latina elkartea sortu zen. Urte ugari dira, immigranteak ezezagun duten herri honen parte sentiarazteko lana egin dutena. Gainera, orain dela bi hilabete beste pausu bat eman zuen, Aisa egitasmoa herrira hurbildu. Eusko Jaurlaritzak habian jarritako proiektu honi esker, euskara oinarri-oinarrizko harrera-ikastaroa eskaintzen zaie. Euskal Herrira etorkinak iritsi eta lehen kontaktu horretan behar-beharrezko duten euskara ulertu eta erabiltzeko prestatzea.

Apirilaren 11an herriko 17 hegoamerikarrek euskara ikasten hasteko pausua eman zuten. Danok Kidek utzitako lokalean, igandero 4 orduz, euskararen oinarrizko ezaguerak ikasten hasi dira. Orotara 60 ordu agurrak, familia izenak, erosketak egiteko oinarrizko esamoldeak euskaraz ikasteko. Eta guzti hori, Arantza Arriaga irakasleak erakutsita. Berarekin bildu gara Aisa egitasmoa eta klaseen nondik-norakoak hurbiletik ezagutzeko.

Zer da Aisa programa?
Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen duen programa bat da, etorkinei zuzendutakoa eta 60 ordukoa. Eusko Jaurlaritzak materiala prestatu du, oinarrizko gauzak aurreikusten dituena, immigranteak euskararekiko hurbilpen bat izan dezaten. Eta horien bidez, oinarrizko irakaskuntzak azaltzen zaizkie.

Kurtsoa beste irakasle batek hasi zuen, nola aurkitu duzu?
Egia esan denbora gutxi zeramaten kurtsoan nik hartu nituenean. Batzuk ez zekiten ezta agurrik ematen ere, eta beste batzuk ordea agurrak eta zenbakiak zekizkiten.
Nik bost aste egin ditut beraiekin, eta oraindik hastapenetan daude.
Kurtso hauen helburua ez da ikasleek euskara txukunean hitz egiten ateratzea, baizik eta oinarrizkoa ikastea. Indioen antzera hitz eginez aterako badira ere.

Zein da euskarekiko duten jarrera?
Oso ona. Kurtso hauetan parte hartzen dutenek ez daukate azterketarik, puntuen behar hori edo lana aurkitzeko euskara ikasten hasten direnen presioa. Gehienak euskaldunei hurbiltzeko aukera ikusten dute. Euskal Herriko parte izateko gogoa dute.
Euren seme-alabak euskaraz matrikulatzen dituzte, eta eurek ere ikasi nahi dute, baina inolako presiorik gabe. Gainera, kontziente dira hemendik ez direla euskara egokia hitz eginez aterako. Belarria egiten hasten dira kurtso honekin.

Klaseak aspergarri ez egiteko, nola lantzen dituzu?
Klase dinamikoak egiten saiatzen naiz. Materiala, kasu honetan, Donostiako Urrats euskaltegiak jartzen du.
Liburuak, bideoak,... erabiltzen ditut. Gero baditugu jolasak ere, adibidez bingoa zenbakiekin beharrean adjektiboekin. Ikasleentzako oso dibertigarria da.
Saioak astean behin, igandetan dira, lau ordukoak gainera. Beraz, lehengo orduetan gramatika eta adierazpenak lantzen ditugu, eta azkenekoetan, jolasak. Lau ordutan gramatika lantzen badugu, informazio gehiegi da.

Zer lortzen da klase dinamikoak jorratuz?
Euskarekiko jarrera aldekoa indartzen da, gusturago etorraraziz. Jolas moduan ikusten dute ikasle hauek euskararen ikaskuntza. Eta momentuz, esan dezaket talde honek jarrera ona daukala. Igande goizetan etortzen dira, horrekin dena esanda dago.
Euskarak dituen gauza xelebreak azaltzen saiatzen naiz, gainera. Hitzen jatorria, baina modu didaktikoan. Lasarte-Oriako taldea Aisa egitasmoaren barruan laugarrena dut, beraz badakit jada nondik jorratu.
Arazoa da igande batetik bestera ez dutela euskara ukitzen, beraz, gauzak barneratzeko zailtasun gehiago dituzte. Hala ere kurtso honi esker, euskararen oinarrizkoak ikasteaz gain, euren artean ezagutzeko aukera eskaintzen zaie.

Aisa taldekoen eta euskaltegian daudenen arteko jarrera ezberdina al da?
Bai. Dudarik gabe. Nik, Aisakoekin nahiago dut. Ez naiz haien irakaslea, eurengandik hurbilago sentitzen naiz. Dakidan zerbait transmititzen ari naizela sentitzen dut, lasaiago ematen ditut klaseak. Klaseak prestatzerako orduan ere, ez naiz hain burokratikoa.
Euskaltegiko ikasleek dena apuntatzen dute, nik esandako guztia, eta hauek ahal dutena ikastera datoz.

Ikusi al duzu aurrerapenik hilabete honetan?
Oraindik oso gutxi, baina talde hau oso ona da, ondo asimilatzen dituzte gauzak. Taldean elkar laguntzen dute, beti dago norbait mantsoago doana eta euren artean laguntzen dira.
Gainera, kafea hartzeko tartea egiten dugunean giro ona sumatzen da. Latinoamerikarrak dira, eta dituzten bizipenak oso antzekoak dira, beraz ondo datorkie erlazionatzea. Euskararen ikaskuntza zerbait onarekin erlazionatzen dute.