Unai Muñoa
Konpañera, dena ondo?
Bazekinat ni ez naizela aditua generoaren gaietan, baina aritua bai, eta bertsoak zein nire garapen pertsonalak emandakoari esker zer edo zer esango ninake.
Bertsoa gizonen mundua izan dun oso gutxi arte, eremu publikoa eta kalea gizonena izan delako. Emakumeak, aldiz, eremu pribatuan mugitu behar izan zitunan, etxean, intimitatean. (Elizak zer edo zer hausnartu beharko liken horren gainean). Ez ditun horrenbeste urte pasa emakumeek bozkatu ezin zutenetik edo taberna batean bakarrik sartzea pentsaezina zenetik. Bai, asko aldatu gaitun! Baina nahikoa bai?
Gai honi bi alde ikusten zizkionat: Bata politikoa eta soziala, eta bestea gizon-emakume bakoitzaren izatea eta esperientzia. Zeren, generoa norberak daraman karga dun, gizon zein emakume izan, gure izaera eta jarrera erabat baldintzatzen duena. Politikoki, berriz, bide luzea zagon egiteko, eta kalean entzunarazi behar dinagu berdintasunaren aldarrikapena.
Ezin dizkinagu begiak itxi beren emozioetan zein frustrazioetan kabitzen ez diren gixonek bikotea egurtzen edo hiltzen dutenean. Edo, lan munduan, ikastetxeetan, parrandan… hainbat gehiegikeria gertatzen direnean. Hau onartuta, ordea, nik nahiago dinat norberarengan duen eraginaz aritu, besteak beste, pertsona bakarraren aldaketak inguru oso bat baldintzatzen duelako, baldintzatu eta aldatu.
Femeninoa eta maskulinoa. Gizakiok asmatutako bi kontzeptu. Bi bandotan bereizten gaituztenak. Haiek eta gu. Haiek laguntza eskatzen zioten guri. Guk haien arazoa dela uste din. Denok barneratzen dizkinagu rol desberdinak, eta geure egin. Askotan, pentsatu ere egin gabe bestela izan daitekeela. Baina mundua bizitzeko eta ulertzeko hainbat modu zauden.
Niri gizonkeriak zer suposatu didan sumatzen dinat orain, eta badizkin oso alde mingarriak. Adibidez, zergatik gizonezko mordo batek ez dugu negarrik egiten apenas? Arrazoirik ez dugulako? Negar egiteak ez duelako ezertarako balio? Edo, emozioetatik ihes egiten erakutsi digute? -Zer ari haiz negarrez neskato bat bezala?- Zenbatetan entzun dugu halakorik? Ba, emozioak sentitzen eta bideratzen jakitea ezinbestekoa dun. Goxotasuna, afektua, ahultasuna, sentsibilitatea… Horiek emakumeen kontuak direla pentsatzen dutenek majo sufritu behar diten.
Amaia Agirre
Aupa, Unai, zer moduz habil?
Hausnartu egin behar omen duk irentsi aurretik. Gizaseme askok eta gizarteko zenbait erakundek hausnartzeko (t)arterik hartzen ez dutelako, guk ezinbestean irentsi behar ote ditugu digestioa egingaitzak diren jarrerak, hitzak eta bortxak?
Hona hemen Estitxu Eizagirreren esaldi esanguratsu bat: Jaiotzen garenetik daramagu motxila bat. Motxila atzean eramaten da, ez da ikusten. Ez dugu geuk bete: gurasoek, eskolak, gizarteak... bete digu, eta pisatu egiten du.
Ez zekiat motxila hori husten edo arintzen asmatuko dugun, baina saiatuko gaituk, ezta?
Duela hogeita hamar edo berrogei urte "generoa bertsolaritzan" bezalako gaia jarri izan balute, merkatuko generoari edo baserriko egunerokotasunera mugatuko lituzkek.
Nik oso garbi zaukaat generoa hitzak ez duela emakumea eta horren ingurua adierazi nahi. Bide horri lotzen gatzaizkiok, ordea, oraindik ere. Gutxiengoaren konplexua duk hori, Unai.
Plazetan generoaren oreka mantentzearren edo desoreka hain nabarmena izan ez dadin deitzen zigutek oraindik ere, baina ni ez nauk emakumeen ordezkari sentitzen, ez behintzat ehuneko ehunean.
Egia duk, hala ere, nik ere oholtza gainean zenbat emakume dauden erreparatzeari ekiten diodala oharkabean, eta ez hain oharkabean. "Emakume bertsolariren bat ere ekarri beharko diagu" bezalakoek antolatzaileen bilera baldintzatzen duten bitartean, guk ere horri erreparatu egingo zioagu.
Ai, Unai, femeninotasuna eta maskulinotasuna bezalako hitzak papereratzen dizkidak. Nik mila bider entzun diat femeninoagoa izan beharko nukeela; goxoagoa. Zakarra izateak zergatik ez du femeninotasunarekin zerikusirik? Non eteten da soka? Gure izatean edo gure begi-buruetan? Gizartearen kanon estilizatuetan, agian? Nire bertsokera zakarra eta gordina izan daitekek batzuetan, goxoa eta sentibera beste askotan.
Hauskorra nauk, eta negartia, eta hunkibera. "Armadura kentzeko garaia heldu zain" belarrian danbadaka ari zitzaidala agurtu gintuan aurreko hilabetean bertsotako adiskide bat eta ni. Emakumezkoa duk hori esan zidana. Umetatik ezagutzen naik. Masailean muxu bat eta buruan bi astetarako zer pentsatua utzita joan zuan, ni baino lasaiago ziurrenik.
Goxo eta niretik erantzuten saiatu nauk. Nire goxotik ere bai.