Ostiralean egingo da Mintzodromoa herrian

Txintxarri 2010eko ekainaren 7a

Gai ezberdinei buruz eta euskaraz solasean aritzeko parada izango dugu hurrengo ostiralean. Izan ere, Mintzodromoa iritsiko da herrira.
Nahiz eta Solaskide programari amaiera ona emateko helburuarekin jaio den ekimena izan, antolatzaileek bertan parte hartzeko gonbita egiten diete herritar guztiei.

Aurrekariak

Donostian bi aldiz egin da esperientzia. Lehenengoa Euskaren Egunean, abenduaren 3an, eta bestea, orain dela gutxi, Dokan. Oso harrera ona izan duenez, "Mintzodromoa gurera ekartzea pentsatu genuen" azaldu digute antolatzaileek.
Mintzodromoa ekimenak euskara ikasleak eta euskal hiztunak biltzen ditu, mahai baten inguruan, eseri eta hainbat gaiei buruz hitz egiteko. Mahai bakoitzean gai bat proposatuko da. Helburua euskara ikasten saiatzen ari diren horiei hizkuntza horretan aritzeko erraztasunak eta euskaldunekin aritzeko aukera ematea da.
Herri edo leku bakoitzean bertako ezaugarriak hartzen ditu Mintzodromoak eta gure herrian ere horrela izango da.

15 minutura aldaketa

Lasarte-Orian antolatu den lehenengo Mintzodromoa Jalgi tabernaren terrazan burutuko da, datorren ostiralean, ekainaren 11n, arratsaldeko 18:00etan.
Guztira sei mahai izango ditugu, eta bakoitzean gai bat. Gainera, mahai bakoitzean "gai horren inguruan erreferentziazko pertsona euskalduna izango dugu" adierazi digute antolakuntzakoek.
Biltzen den jendearen arabera antolatuko dituzte taldeak, hala ere, 15 minuturo gutxi gora behera mahaiez aldatu beharko da. Helburua gai ezberdinetan aritzea da "kontua ez da zer esaten den, baizik eta aritzea" gaineratu digute.
Parte hartzeko ez da inon izenik eman behar, ostiralean Jalgin agertzea nahikoa izango da. Solaskide edo euskaldun berriei begira antolatutako ekintza bada ere, hortik pasatzen den orok, gaia entzun eta interesekoa badu "hurbildu eta eztabaidan murgiltzeko aukera izango du."

Tabernako gaiak

Gaiak aukeratuak dauden arren ez dituzte jakitera eman nahi antolatzaileek, bat-batekotasunari heldu nahi diote, "sorpresa izatea nahi dugu."
Hala ere, "gai korapilatsuak, iskanbilak sortu dezaketenak saihestuko ditugu" azaldu digute. Lasai-lasai hitz egin daitezkeen gaiak aukeratu dituzte, "kafe bat hartzen hitz egin daitezkeen gaiak izango dira, tabernetan ohikoak diren gaiak baina bere puntutxua daukatena."
Mintzodromoaren funtsa, denak eroso eta ondo sentitzea izango da.

Amaiera ederra

Eztabaidan aritu eta gero, zer hobe afari eder bat egitea baino.
Kasu honetan, Solaskideen afaria da eta solaskideek eurek prestatutakoa. "Programa honetan badaude sukaldaritzan zaletutakoak eta hauek izango dira menuaz eta afariaz arduratuko direnak" azaldu digute antolakuntzatik.
Lau pintxo ezberdin, entsalada epela, bakailao tortilla eta gazta tarta izango da menua. 15 euroren truke afari goxoa.
Beraz, Solaskide programakoa bazara eta afarira joateko interesa baduzu "Ttakun kultur elkartetik pasatzea baino ez duzu hilaren 8a, bihar, baino lehen" adierazi digute antolakuntzaileek.

Zeharkako helburua

Euskaldun berriak ikasten ari diren hizkuntzan aritzeko aukera izateaz aparte, ekintza honek badu zeharkako helburu bat "euskaldunak bilatzea" azaltzen dute antolatzaileek.
Solaskide programaz arduratzen direnak, zail dute euskaldunak bilatzeko, eta hauek oso garrantzitsuak dira programa aurrera joan dadin.
Euskaldun berriek edota euskalduntze prozesuan dabiltzanek "programa honen beharra dute” eta horren adibide argiena, “egun ditugun partaideen kopurua da: 80 solaskide" azaldu digute.

Egin zaite solaskide

Mintzodromoaren bitartez, Solaskide programak nola funtzionatzen duen ikustera gonbidatu nahi dituzte herritarrak. "Oso sinplea da eta argi ikusiko dute ostiralean" azaldu digute.
Euskaldunak euren denboraren zati txiki bat, ordu bete baino ez dute eskaini behar. "Horregatik, animatu nahiko genituzke haien denbora tarte txiki hori, behar dutenei eskaintzera," gaineratu digute.
Hurrengo ostiralean beraz, urtean zehar solaskide bilera horietan egiten dena ikusi ahal izango da Jalgiko terrazan arratsaldeko 18:00etan.