Agur guztioi, nire azken zutabea delako, udarako oporrak hartu baino lehenago (oker ez banago). Zutabegile gisa, kontuz!!! ... Lanean jarraituko baitut nire "betiko" gauzetan.
Agur urtean zehar jasandako estres gaiztoari, laster San Pedroko festak datozelako eta erlaxatzeko aukera ona dakartelako.
Agur Erreala Ligako Bigarren Mailan izateari, Lehenengo Mailara bueltatuko delako behingoz eta Champions League-an sartu laster (ni ez naiz oso futbolzalea baina).
Agur pentsamendu gipuzkoar negatiboari, besteak bezain handiak garelako eta aurrera egiteko indarra dugulako.
Agur autoen gidariak autoak nahi duten lekuan aparkatzeari, eta zebrabideak eta semaforoak gaizki pasatzeari, gidariak zentzudunagoak izango direlako (garelako).
Agur (espero eta desio dut) krisiari eta horrek dakarren langabezia handi eta jasangaitzari, egoera ekonomikoa oso-oso piskanaka hobetuko delako.
Agur portaera ekonomiko zentzugabeei, sistema ekonomikoa hobeto diseinatu eta arautuko dugulako.
Agur gure arazo ekonomiko larriari, hau da, ekoizkortasunaren hazkunde oso geldoari, egindako erreformek horri konponbidea eman diotelako (2008ko Ekonomiako Nobel saria den Krugman-ek esan zuen langile bat ekoizteko gai dena ez dela guztia, baina epe luzean ia guztia dela, eta arrazoi osoa du).
Beno, besterik ez ...
Ah, bai!!! Iraila arte.