Frontoi berriaren ondoan, padel pista bat eraikitzea erabaki zuen Udalak. Lanak oraindik ez dira hasi, baina aurreikuspen guztien arabera, abuztuan lasarteoriatarrak kirol honetaz, herrian bertan disfrutatzeko aukera izango dugu. Gainera, LOKEk padel pista berria aprobetxatuz, atal berria sortu du, padela. Elisabete Lorenzo Bordarekin bildu gara kirol honetaz gehiago jakiteko, eta nola ez, pista berriari buruz.
Hasteko, zer da padela?
Momentu hauetan gorakadan dagoen kirola dugu. Tenisaren antzekoa, baina ezberdintasunarekin, adibidez, paletan. Padelean erabiltzen direnak ez dute kordarik eta txikiagoak dira.
Pistaren dimentsioak ere ezberdinak dira. Tenisean bezala, padelean ere, erdiko sarea mantentzen da. Belar artifizialez egindako pista da, eta inguruetan paretak dituenak. Izan ere, padelean garrantzitsuena erreboteak dira, tenisarekin duen ezberdintasun nagusia izanik.
Puntuak tenisean bezala kontatzen dira, beraz, ez dauka misterio handirik.
Banaka, bikoteka...
Padel partidu batean beti lau pertsonek jokatzen dute, bikoteka jolasten da.
Egia da orain, hegoaldean pista estuago batzuk egiten hasi direla, banakako partidak jokatzeko, baina badirudi ez duela arrakasta handirik izan.
Lasarteoriatar asko dago padela praktikatzen?
Zenbaki zehatzik ez dakit. Ni Ondarretan ibiltzen naiz, eta badakit han bost lasarteoriatar dabiltzala. Baina ezagutzen dut, Tolosara edota Donostiako pistetara joaten diren beste batzuk.
Momentu honetan, pista kopuruetan motz gaude, baina suposatzen dut denborarekin gehiago egingo dituztela.
Herriko padel pista berria zuek eskatutako zerbait da?
Ez. Guk ez genuen ezer eskatu. Argitalpen baten bidez, jakin genuen padel pistaren eraikuntzaz. Sorpresa izan da guztiz. Guk ez dugu inolako presiorik egin LOKEtik edo partikularki.
Nik uste, etorkizunera begira hartu dutela erabakia Udaletik, kirol honen praktikak egunetik egunera jende gehiago biltzen du, eta eskariari aurre hartu nahi izan diote.
Hasieran uste genuen pista bat baino gehiago eraikiko zutela, baina azkenean bakarra izango dugu.
LOKEk atal berria aterako du, padela, nori zuzendua?
Jada sortua dago padel sekzioa eta ni jarrri naute honen buru.
Adin guztientzat izango da. Jende helduarentzat eta gazteentzat zuzenduta egongo da. Kirol hau 5-6 urtetik aurrera, praktikatu dezakete haurrek.
Momentuz, helduen talde bat eta gazteen beste bat pentsatuta dago, eta gero mailaren araberakoak. Askotan adina ez baita garrantzitsuena, baizik eta kirol horretan duzun maila.
Komentatu duzu txikitatik praktikatu daitekeen kirola dela...
Adibidez nire biloben kasuan, batek hamar urte ditu eta besteak bost. Askotan eramaten ditut padel pistara.
Kirol honek abantailak ditu umeek praktikatu ahal izateko. Batetik, pala txikiagoa, arinagoa eta maneiagarriago da beraientzat. Horregatik, hasieratik maneiatu ahalko dute.Bestetik, zelaia txikiagoa izanik, sarea hurbilago dute. Tenisean distantziak handiagoak dira, esate baterako, eta hastapenetan saretik hurbil jartzen ditugu pilota beste zelaira pasatzeko indar nahikoa izan dezaten.
Ikastaroak antolatuko dira?
Astean zehar ordu batzuk zehaztuko dira klase partikularrak emateko. Tenisaren pistarekin gertatzen den bezala, eskola-ikasleei ere emango diegula uste dugu.
Apuntatzen den jendearen arabera, eta daraman garapenaren arabera antolatuko dira.
Hala ere, nik uste, pista bakar batekin motz geratuko garela herrian.
Noiz hasiko dira kurtsoak?
Aste honetan, pista ikustera joan gara eta nahiko berde ikusi dugu obra.
Hala ere, aurreikuspenen arabera, abuzturako amaituta behar du. Hori behintzat izan zen esan zitzaigun data. Nik uste nuen krisiarekin gauza geldiaraziko zela, baina Udaletik azaldu digutenez abuztuan prest egongo da. Hau da, denboraldi hasierarako prest egongo dela esan digute.
Eta txapelketak egongo dira?
Txapelketen gaia aurrerago begiratu beharreko kontua izango da. Baina ez dago arazorik.
Padelaren abantaila da jende asko hasi dela praktikatzen, eta beraz, urtean zehar txapelketa ugari antolatzen direla. Tenisarekin konparatuta txapelketa gehiago daude.
Padel pista itxia da, beraz, urte osoan zehar praktikatu dezakegu, eta kirol oso soziala da. Jendea padelaren inguruan bizi da. Hau da, orain enpresa askok euren artean padel torneoak jokatzen dituzte.
Gorantz doan kirola izanik, oso bestelakoak diren enpresak ere txapelketa ugari diruz laguntzen hasi dira.
Federazio mailari dagokionez ere, gipuzkoako, euskadiko eta estatuko federazioak daude. Beraz, torneoak ez dira faltako, horretaz ziur gaude.
Momentuz non zabiltzate?
Inon ez. Padel departamentua sortu berria da, beraz, momentuz jende bilaketan gaude.
Dena ondo prestatuta edukitzea dugu helburu padel pista martxan jartzen denerako.
Eta apuntatzeko?
Niri zuzenean deitzea 687632737 telefono zenbakira. Behar duten informazio guztia emango diet.
Jendea animatzen den heinean, hasi ahalko gara taldeak antolatzen.
Jendea animatuko zenuke beraz probatzera?
Noski. Gainera, bikoteka jolasten denez probatzen hasteko, agian, errazago izan daiteke, lagun batekin zatozelako.
Oso kirol soziala eta jende tipo guztientzako egina da padela.