Oztopo guztien gainetik, herria sorgintzera goaz!

Txintxarri 2010eko ekainaren 11

2010eko Sorgin jaiak berrikuntzez beterik datoz. Hauen artean, eta egitarauari dagokionez jaiei hasiera emateko, herri guztia kalejira koloretsu eta alai batean murgilduko da.
Astelehenean, umeek lekukoa hartuko dute: Porrotx eta Mari Motots, bazkaria, jokoak eta danborrada.
Dantza egiteko parada, igande arratsaldean egongo diren erromerietan izango dugu. Sabela ere beteko dugu, zikiro, kuadrila arteko bazkari, oilasko erre eta entsalada txapelketarekin.
Kirolariek ere, Sorgin gunetik Zabaletarainoko bideari heldu beharko diote, ondoren goitibeheran jeisteko.
Astearte arratsaldean, bertsolariek kafe goxoa hartzeko gonbita luzatzen dizuete.
Gauean musika ez da faltako: Danba, Emon, 3 gabe 2, Laiotz, Karaokea, Sorkun, Djak, bertsio gaua...
Aurreko urteetan bezala, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik gonbidatuak izango ditugu: Gabiri, Lizarra... Eta azkenik, urterokoak bilakatu diren Oriako jetsiera, lokal poteoa...
Guzti hau ez litzateke posible izango herritarren partehartzerik gabe. Zuek baitzarete jaien protagonista. Mila esker!
Egitarau duin bat aurrera ateratzeko baldintza duinak behar izaten dira. Betiko gunea erabiltzeko aukerarik izango ez genuela jakinik, azarotik gabiltza Udalarekin harremanetan. Gaurko egunez, gune duin baten faltan aurkitzen garela azpimarratu nahi dugu: hauts, harri txintxar, malda eta arriskuz beteriko toki apartatu batean isolatu nahi izan gaituzte.
Herritik herriarentzat eginiko jaiak izaki, egitaraua herriko erdigunean eta baldintza duinetan aurrera eramateko eskubidea dugulakoan gaude.
Lasarte-Orian, egunen batean, guztiok eta guztiontzat eginak izango diren jai herrikoi eta partehartzaileak lortuko ditugula argi dugu. Pausuz pausu, ametsak egi bihurtuz.

Sorgin Jaiak Jai Batzordea