“Kirol jarduera eta partaidetza zabala eskualdeko kiroldegietan”

Txintxarri 2010eko ekainaren 11

Buruntzaldeko kiroldegietan antolatu diren ikastaroetan eskaintza anitza da, eta kirol jardueraren batean aritzeak dakartzan onurak are gehiago. Kirola egitea, ohiturarik ez duenarentzat, probatu egin behar da zer onura dakartzan ikusteko. Onura psikologiko zein fisikoa segituan nabaritzen baitira. Probatzea, onena.

Hogeita bat urte besterik ez izan arren, irakasle lanetan aritzen da Veronica Gonzalez Lasarte-Oria eta Ibarrako kiroldegietan. Duela hiru urte, ikasketak bukatu bezain pronto, gorputza lantzeko eta tonifikatzeko ikastaroak eskaintzen hasi zen lasarteoriatarra.

Zer moduz moldatzen zara irakasle lanetan?
Oso ongi moldatzen naiz ditudan ikasleekin. Duela hiru urte hasi nintzen pilates ikastaroekin eta pixkanaka, spinning, matenimenduko gimnasia, hirugarren adinekoentzako gimnasia eta orain eskaintzen hasi garen bodypam bideratzen ditut.

Nola egin zinen irakasle, hau da zer ikasi zenuen postu honetara heltzeko?
Aktibitate fisikoko gradua egin nuen eta horrekin bakarrik moldatzea hain erraza izango ez zela ikusi nuen. Kiroldegietan lana egin ahal izateko beste zerbait gehigarria zela konturatu eta, ikastaroak egitera animatu nintzen. Lehenik pilateseko titulua lortu nuen, hortik spinningeko ikastaroa egitera animatu nintzen... Kate bat izan da guztia, pixkanaka-pixkanaka garatuz joan naiz. Kirol mota honek asko lotzen du eta ni ere harrapatu egin nau.

Kiroldegietan geroz eta indar handiagoa hartzen ari dira zuk eskaintzen dituzun ikastaro hauek. Zer onura dituela esango zenuke gorputzari dagokionez?
Aukeratzen den aktibitatearen arabera, gorputzeko atal desberdinak lantzen ditugu. Pilatesi dagokionez, gorputzeko atal guztiak lantzen dira. Pilatesek duen onura ez da fisikoa, itxura edo estetika hobetzeko. Norbera hobeto sentitzeko eta gaixotasunak sendatu eta saihesteko balio du.

Nola lantzen duzue gorputza, zein ariketa egiten duzue?

Pilatesen esaterako, gorputzeko muskuluen tonifikazioa egiten dugu, hori bai tonifikazio lasaia da beti ere. Luzaketekin kontrol bat eramanez aritzen gara. Jende guztiarentzat egokia da, barnetik hasten gara lanean. Adi egon behar izaten da gorputz osoko lesioekin.
Spinninga berriz aerobikoa eta gogorragoa izaten da. Gerritik beherako atalak lantzen dira gehienbat. Musika eta bizikleta izaten dira lanketarako tresna.
Bodypamen berriz, pisuarekin egiten da lan. Nahiko gogorra da spinniga bezala. Bodypamen adibidez, 3kiloko pisua hartu eta 60 biderrez bizepsa lantzeko altxaldiak egiten dira, sentadillak..., oso gogorra da.
Hirugarren adinekoen gimnasia berriz lasaiagoa da, adinera egokituta dago. Mantenimenduko ikastaroa berriz guztien nahasketa bat dela esango nuke. Pilatesa ez da gogorra, baina gainontzekoak nahiko. Gogoa jartzea izaten da kontua.
Lesioak dituen jendea etortzen da pilatesera, gazte, zahar, emakume, gizon, adin guztietakoak biltzen gara normalean. Gainontzekoak, spinniga eta bodypama gogorragoak izanik, lesiorik gabe etortzea komenigarria izaten da errendimendu ona lortzeko.

Nondik datozte kirol horiek, jakitun al zara zein jatorri duten?
Pilatesa Joseph Pilatesek sortu zuen kirola da. Spinniga berriz italiar batek asmatu zuen... Gaur egunean, asko ari da garatzen gure inguruko kiroldegietan.

Norentzat da egokia kirol bakoitza?
Jende guztiarentzat egokia da kirola egitea, baina monitoreak ongi ezagutu behar du ikaslearen gorputza. Lesioak izanez gero esan egin behar zaio, berari egokitutako ariketak egiteko...

Gustura sentitzen al zara lan honetan?
Bai, oso gustura sentitzen naiz, niretzat ere aberasgarria izaten da.

Lasartetik atera eta beste nonbait ikastaroak emateko asmorik eta aukerarik ba al duzu?
Bai, toki desberdinetatik jaso nituen eskaintzak baina Lasarten geratuko naiz oraingoz. Etxetik gertu geratzen zait eta jendea ere ezaguna dudanez, errazagoa da talde lana egitea, harremana sortzea errazago egiten zait. Jendeak txikitatik ezagutzen nau... Ibarran ere aritzen naiz, Bizkortzen enpresa berberak egiten du lan bertan eta hara ere joaten naiz klaseak ematera.
Bukatzeko, jendea kirol jarduera hauek probatzera animatuko nuke, kirola egin, jendea ezagutu eta norberarentzat onuragarria izaten da.
Egunerokotasunetik atera eta bakoitzak beretzako espazioa lortzeko balio du. Tentsioak askatzeko beharrezkoa da, bakoitzak bere metodoak ditu, batzuk bakarrik egiten dute kirola korrika egitera joanaz, esaterako, eta beste batzuek taldearen beharra izaten dute. Edonor etor liteke aipatu kirolak lantzera.